Epaiketa politikoak, “mina egiteko” prozesuak

Epainiako Entzutegi Nazionalean epaitzen ari diren 28 euskal gazteekin Madrilera bidaia hau egin nahi izan dugu, horrelako epaiketa batek suposatzen dituen kosto ekonomiko eta pertsonalak aztertzeko eta hobeki ezagutzeko.

2014-ko abenduak 1

Goizeko 4.30etan Iruñeko industria gune batean elkartu gara 30 pertsona inguru. Autobus batek Madrilera eramango gaitu. Goizeko 10etan Epainiako Entzutegi Nazionalean hasiko da, beste behin, 28 euskal gazteen aurkako epaiketa.

Beraiekin bidaia hau egin nahi izan dugu, horrelako epaiketa batek suposatzen dituen kosto ekonomiko eta pertsonalen inguruan aritzeko. Imanol Salinas auzipetuak oso ongi ezagutzen ditu ondorio horiek. Loiolan eraiki zen Aske Gunean parte hartu zuen, epaiketan parte hartzeari uko eginez. Horregatik, hilabete bat baino geihago eman du espetxean. Hala eta guztiz ere, epaiketa honek borrokan jarraitzeko ematen duen aukera azpimarratzen du. Eta ez da damutzen hartutako erabakiaz. Izan ere, Loiolako Aske Gunea asko aportatu diola dio Imanolek maila pertsonalean zein militante bezala.

 

"Zuzenean lana galtzea suposatu du"

Asko dira epaiketa hauen ondorioak.  Horien artean, ekonomikoak. Zaila da gastuen estimazio bat egitea, baina auzipetu bakoitzak 4.000 euroko gastuari  egin beharko dio aurre. Oihana Lopez auzipetuaren ama, Blanqui Resanok, aitortu digu, ekonomikoki ahalegin handia egin dutela. Baina bere iritziz, okerrena, lanaren gaia da. Oihanak irakasle lanari uko egin behar izan dio epaiketarekin bateragarria ez zelako.

Imanol Salinasek, zuzenean, bere lana galdu zuen. Sakanan egiten zuen beharra, eta epaiketa zela eta, bere arduradunarekin elkartu zen egoera antolatzeko. Bilera batzuk egin ondoren, ezin zela mantendu ondorioztatu zuten.

 

"Min egiteko epaiketak"

Euskal Herritik 400 km-ra egiten den epaiketa batean, ez dira auzipetuak kaltetu bakarrak,  kaltetuak suertatzen diren beste batzuk defentsako lekukoak dira.  Lagun eta auzokideak defendatzeko hartzen duten konpromezua oso haundia da. Hau da Atarrabiako zinegotzi  Mikel Oteizaren kasua. Eneko Villegas bizilagunaren aldeko lekukotasuna emateko bidaiatu du Madrileraino. Horretarako alde batera utzi behar izan ditu zere eginak, horien artean, Atarrabiako Udal Batza bat atzeratu ere.

Oteizak salatu nahi izan du euren testigantzak entzuterakoan epaile eta fiskalak  harturiko jarrera. Arreta ez jartzea leporatu die, eta 5 minutuko lekukotasuna emateko Madrilera jeitsi behar izatea ere salatu du. Bere ustetan, XXI. mendean horrela ibili behar izateak soilik logika bat dauka: auziperatu eta euren senide eta lagunei "min egitea". Epaiketa bera auziperatu eta senideendako zigor bat dela uste du Atarrabiako zinegotziak.

 

"Son nuestros cachorros y queremos estar con ellos"

Gazteleraz hitz egin digu Blanqui Resanok, epaiketak emozionalki dituen ondorioetaz mintzatzeko. Prozesu honetan babesa helaraztearen  garrantzia nabarmendu digu. Bere hitzetan, auziperatuak oso babestuak  sentitzen dira, eta zentzu horretan oso inportanteak dira elkartasun ekimenak. Abenduaren 26an, 1.000 lagunentzako elkartasun afaria antolatu dute Hatotrxurock jaialdiko karpan. Ekitaldi horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan du Resanok.

Madril atzean utzita arratsaldeko 17.30k dira eta luze joko du etxerako bideak. Aste honetan eta hurrengoetan ere saio gehiago izango dituzte auzipetuek. Abenduaren 18an amaituko da epaiketa, baina laister beste prozesu judizial batzuk hasiko dira Madrilen, amaierarik gabeko gurpil zoroa.

 

Gehiago