Eneka Maiz: “Memoria ariketak modu inklusibo eta transbersal batean egin behar dira elkarbizitzan zubiak eraikitzeko”
Etxarri Aranatzen arrazoi politikoengatik 1936tik gaurdaino egondako sufrimendua dokumentu batean jaso du udalak. Osatu beharra dagoen "lehen hurbilketa"; asmoa duena "hainbat zauri ixtea eta elkarbizitzaren alde egitea".
2018-ko otsailak 3
“Zor zahar bati” erantzuten dio Etxarri Aranazko Sufrimenduaren Mapak, azaldu zuen Eneka Maiz Ulaiar alkateak aurkezpenean. “Arrazoi politikoengatik sufrimendu hori euren larruan pairatu dute pertsona askok, baita haien senide eta gertukoek ere”. Horiek jaso dituzte txostenean.
Etxarri Aranatz “asko sufritu duen herri txikia” izanik, alkateak azaldu zuen lanaren helburu nagusia “etxarriarrendako, elkarbizitzarako eta elkarrenganako zubiak eraikitzeko lan tresna bat egitea” dela. Horregatik, dei egin zien herritarrei, gizarte eragileei eta erakundeei “ulermen eta elkarbizitza espazioak sortu ditzaten. Elkarbizitzari heldu nahi badiogu guztiok izan beharko dugu eskuzabalak, iragana kolektiboki pasa”. Aldi berean Maizek “tamalez gure sisteman dagoen demokrazia eta askatasun defizita hobetzeko lan egitera” dei egin zuen.
Atzera begira
Alkateak esan zuenez, “iraganari begirada objektiboa” eman nahi zaio. “Ezinbestekoa da gure iragana ezagutzea, gainditzeko, zauriak ixteko, eta etorkizunari determinazioz begiratzeko”. Maizek gaineratu zuenez, “Etxarriri buruz asko hitz egin da eta iritzi asko eman dira, baina oso gutxi ikertu da arrazoi politikoengatik herri honetan egondako sufrimendua. Etxarriarrek ez dute ezagutzen euren iragana”. Dokumentuaren hitzaurrean jasotzen denez, “memoria kolektiboa berreraikitzeak zuzeneko lotura dauka giza eskubideen errespetuarekin eta aplikazioarekin. Izan ere, lanketa hori ezinbestekoa da ukitutako pertsonek eta hainen senide eta ingurukoek pairatutako mina sendatzeko, eta funtsezkoa da bake eta elkarbizitzarako oinarri sendoak ezartzeko”.
Aurkeztutako dokumentua “gertatutakoari hurbilketa” dela nabarmendu zuen alkateak, “ahalik eta objektiboena izan nahi duena. Beti geratuko dira datuak osatzeko, gehitzeko edo baita zuzentzeko ere”. Horregatik, edizio berriak izanen direla aurreratu zuen alkateak.
Mapaz
Azken 82 urteetan jasotako gertakariak jaso dira dokumentuan: hildakoak, erasotutakoak, espetxeratutakoak, exiliatutakoak, urrundutakoak, inhabilitatutakoak, depuratutakoak, mehatxatuak eta abar.
Etxarri Aranazko Udalak lana egin ahal izateko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuko Bizikidetza eta Bake Zerbitzuaren diru-laguntza izan du. Eta hari esker kontratatu ahal izan zuen Euskal Memoria fundazioa, halako gaietan eskarmentua duen erakundea. Lanak hiru garai desberdindu ditu: 1936-1939 (gerra), 1940-1959 (gerrostea) eta 1960 2015 (gatazka politikoa).
Maizek esan zuenez, “funtsezkoa da ikuspegi globala izatea, gure iraganeko eta gaur egungo klabe asko ulertzeko”. Astelehenean aurkeztutakoa Nafarroan aitzindaria da, “orain arte ez da halakorik egin eta jarraitu beharreko bidea dela uste dugu. Elkarbizitzaz eta behin betiko bakeaz hitz egiteko ikerketa inklusiboak eta globalak egin behar dira”.
Lehen zatia, 1936-1939
Nafarroan bezala, Etxarri Aranatzen ere ez zen gerra fronterik izan baina, 1936ko estatu kolpearen ondorengoak arrasto sakona utzi zuen herrian. Fusilatutako etxarriar bat bera ere ez zuten herrian hil, urrun eraman zituzten. Haien artean zegoen 1933ean Udaleko Kudeaketa Batzordeko buru, alkate, Felix Lopez Sanchez. Errepublikaren alde borrokatu zuenetako bat Ezkaba mendiko presondegian sartu zuten eta hango egoera lazgarriengatik hil zen; mendi magaleko Botilen Hilerrian eman zioten lur (Vicente Huarte Mercero).
Estatu kolpea eman eta gero lana galtzen lehenak bi udal zaindari izan ziren. Gerora irakasleen txanda izan zen, batzuk postuetatik kendu, besteak erbesteratu edo irakaskuntzatik baztertu zituzten. Garilaren 18koa eta gero berretsiak izan ziren hiru zinegotzi lastailaren 10erako “abertzaleak eta antipatriotak” izateagatik kargutik kendu zituzten.
Bestetik, hainbat emakumezkori jendaurrean ilea erabat moztu eta errizino olioa eman zieten. Egoera horretan Francoren eta Espainiaren aldeko oihuak egitera behartu zituzten. Fusilatutakoen alargunek ez zuten udalaren, diputazioaren edo elizaren batere laguntzarik jaso eta etxera dirua eramaten zuen senarrik gabe, oso egoera txarrean geratu ziren, hainbat seme-alabekin eta etxetik kanpo lana lortzeko zail, “gorriak” zirelako. Beste hainbati lurrak eta ondasunak kendu zizkieten.
Gerra piztu zenean asko boluntario joan ziren, beste batzuk behartuta soldaduskan zeudelako edo giroak hala eskatuta. 225 etxarriar izan ziren kolpisten armadan borrokatu zutenak. 1600 pertsona bizi ziren garai hartan Etxarri Aranatzen eta Francoren armadan aritu zirenak populazioaren % 14,06 izan ziren. Baina gutxi batzuk bandoz aldatu ziren eta joandakoetatik 24 ez ziren bizirik bueltatu. Bestetik, errepublikarrek Iruña bonbardatu zutenetako batean 8 urteko haur etxarriarra hil zen.
Bigarren zatia, 1940-1959
1939eko apirilaren 1ean jakinarazi zuen Francisco Franco Bahamonde diktadoreak gerra bukatu zela. Hala ere, atxiloketek, harrapaketek, ihesek, erbesteratzeek, heriotz zigorrek, behartutako lanek, kontzentrazio eremuek segitu zuten. UGTko kide ziren bi etxarriar Frantziako Gurseko kontzentrazio eremuan bukatu zuten. Beste bostek 1937an erbesterako bidea hartu zuten. Frankismoaren lehen garai horretan traizio, desertzio, hilketa edo matxinada delituengatik preso egon ziren etxarriarrak.
Hirugarren zatia, 1960-2015
70eko hamarkadak bederatzi hildako utzi zituen. Aurreneko hildakoa Donostian bizi zen etxarriar bat izan zen, Burgosko Prozesuko auzipetuen askatasuna aldarrikatzen zuen manifestazio batean atxilotu zuten. Tortura ondorengo depresio sakonak bere buruaz beste egitera eraman zuen.
Beste bost hildako utzi zituen Casas Baratasetan mugitzen ari ziren mortero granada baten eztandak. Andia mendian militarren maniobren ondoren jasotako txatarra zen. Azken hiruak 1979an izan ziren: Jesus Ulaiar Lizeaga alkate ohia ETAk atentatuan hila, Juan Ignacio Erdozia Larraza ETAko kidea poliziarekin izandako enfrentamendu baten ondoren hil zena eta Guardia Civilak autoa tirokatu ondoren hil zen Mikel Arregi Marin zinegotzi lakuntzarra. 90eko hamarkadan beste bi heriotza izan ziren: Pello Mariñelarena Imaz ETAko kidea preso zegoela gaixotasun larriarekin hil zen eta Josu Zabala Salegi ETAko kidea, oraindik argitu gabeko egoeran hila.
Atxilotutako asko izan dira Etxarri Aranatzen. Hainbatek torturak salatu zituzten ondoren, kargu gabe libre utzitakoan. Jon Patxi Arratibelen salaketa Estrasburgoko epaitegira iritsi zela jaso da.
Hainbatengan “kezka eta alarma” sortu zuten kale borrokako ekintzek. “Etxarriren tamaina kontuan izanda kopuru handia da”. Tren geltokia eta Batzokia erre zituzten, besteak beste. Giroa “nahasi” zuten “aurkari politikoaren aurkako mehatxu publikoek edo ospe kentzeek”.
Momentuz 60 orri ditu txostenak eta espazio faltagatik hemen jaso ezin diren hainbat gertaera eta sufrimendu jasotzen ditu. Azken datu bat bukatzeko: ikertutako 82 urteetan guztira 55 hildako etxarriar zenbatu dira.
Metodologiaz
1948an onartu zen Giza Eskubideen Deklarazioa eta geroztik hartan oinarrituta arau eta protokoloak garatu dira. Datuak biltzerakoan gertakarien unean Etxarriko bizilagunak zirenak sartu dira, bertan jaio edo ez. Herrian gertatu baina bertan bizi ez ziren pertsonek jasandakoa ere sartu da. Baita etxarriarrei herritik kanpo gertatutakoak ere. Noizbait herrian familia edo laguntasun loturak izandakoak ere ageri dira.
Atxilotuen zerrendan Etxarrin erroldatutakoak edo bertan bizi zirenak daude. Eta sufrimendu kasu zehatzei dagokienez, osotasun fisikoari egindako edozer mailatakoak hartu dituzte kontuan.
Datuak
1936-1939
• 17, kolpistek hil edo desagerraraziak: Clemente Araña Miguel de Echarri; Narciso Artola Razquin; Claudio Doroteo Dieguez Loza; Paulo Garciandia Arin; Andres Gonzalez Lorente; Vicente Huarte Mercero; Luis Imbert Lucas; Luciano Larraza Lizarraga; Bernardo Lopez Alzaga; Felix Lopez Sanchez (alkate ohia); Antonio Maiza Miranda; Laureano Mañeru Urmeneta; Julian Mauleon Cabra; Cirilo Ollo Jimenez, Enrique Peláez Campo eta Rufino Vicuña Jaca..
• 4, errepublikaren alde borrokan hilak: Antonio Aranzasti Aldasoro; Jose Goñi Iza; Pedro Osambela Muneta eta Damian Zabala Bacaicoa.
• 4, Lizarrustin fusilatutako ordiziarrak: Ignacio Esquichabel Oria; Emeterio Garmendia Lasa; Sotero Jauregui Lizarazu eta Antonio Murua Arruabarrena.
• 4, Aritzalkon fusilatutako burundarrak: Jose Iriarte Bengoetxea (Altsasu), Felix Muruzabal Valencia, Miguel Goikoetxea Zelaia eta Felix Jimenez Piniel (Olatzagutia).
• 1, errepublikaren Iruñeko bonbardaketan hila: Victorino Lizarraga Imaz haurra.
• 24, kolpisten armadan borrokatu eta hildakoak: Jose Aldasoro Maiza; Jose Aldasoro Oyarbide; Francisco Artieda Barandiaran; Jose Artieda Imaz; Antonio Artieda Lizarraga; Sebastian Echarri Leiza; Juan Gamboa Razquin; Domingo Garciandia Ezquerra; Domingo Garciandia Fernandez; Luis Garmendia Iza; Pedro Huici Satrustegui; Fernando Ijurco Urmeneta; Gabriel Iraurgui Ceberio; Benito Jaca Razquin; Rufino Lizarraga Razquin; Julio Jaime Lizarraga Senar; Ignacio Maiza Auzmendi; Juan Maiza Ijurco; José Marcotegui Bacaicoa; Angel Mendiola Igoa; Ascensio Mendiola Igoa; Juan José Razquin Mozo; Pedro Razquin Urri y Gregorio Zabala Maiza..
1960-2015
• 1, poliziak atxilotu eta torturatu ondoren hila: Antonio Goñi Igoak bere buruaz egin zuen. (1970-12-21)
• 5, militarren praktiken ondoren Andian jasotako granadarekin hilak: Saturnino Luis Erdozia, Jose Luis Luis Taber, Gloria Pejenaute Pejenaute; Segundo Maiza Beiza eta Jesus Miguel Ceberio Maiza.(1978-06-18).
• 1, ETAren atentatuan hila: Jesus Ulayar Liciaga (alkate ohia). (1979-01-27).
• 3, ETAko kide hilak: Juan Ignacio Erdocia Larraza (1979-10-08), Pello Mariñelarena Imaz (1993-05-15) eta Josu Zabala Salegi (1997-03-29).