“Arghitzen”, torturari argia eta hitzak jartzen dizkio dokumentala egin dute Sakanan auzolanean
Larunbata honetan agerraldi publiko bat eginen dute Altsasun proiektu honen estreinaldia iragartzeko, baina dagoeneko teaser bat zabaldu dute dokumental honen lehenengo irudi eta bildutako testigantzekin.
2024-ko ekainak 4
20.000 biztanle inguru ditu Sakanak, eta gutxienez 149 pertsonek pairatu dute tortura 1966 urtetik 2011 urtera doan epealdian. “Arghitzen” dokumentalean, horietako 30 pertsonen lekukotzen bidez kontakizun zorrotz eta dinamiko bat harilkatu dute tortura zer den jakiteko. Eta, bereziki, torturaren zulotik nola atera ahal den jakiteko. Film honetan gogoratzen duten bezala, tamalez denak ez dute zulotik ateratzea lortu, Antonio Goñi eta Josu Zabala Sakanako bizilagunen kasu.
Zuzenbidean, kazetaritzan, historia garaikidean, psikologian eta kriminologian Euskal Herrian dauden goren mailako adituengana jo dute torturaren praktika iraunkorra eta zigorgabea posible egiten duten estatu egituren barrunbeak biluzteko. Dokumentala, auzolanean egin dute “Sakanatik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura zabaldu nahi dena. Torturaren egia itzaletik argitara ateratzeko helburuarekin. Inork, inoiz, inon tortura pairatu ez dezan egin behar den bidea erakusteko helburuarekin”, diote egileek. Momentuz, ekainaren 26an emanen dute bide horretan lehenengo urratsa dokumentalaren estreinaldia eginez.
Ez bada esne-saltzailea goizaldean atea jotzen duena…
“Din don, din don”. Goizaldean zure etxeko txirrina jotzen badute eta esne-saltzailea ordez polizia bada, ez zara demokrazia batean bizi. Horrelako zerbait, antza, esan zuen behin Winston Churchill politikari britainiarrak. Eta halaxe adierazten dute sakandarrek: “Demokrazia oso batean, justiziaren jakinarazpenak postariaren eskutik jasotzen dira. Sakanako herrietan, Euskal Herrian oro har, Guardia Civil eta Policiak gaueko ordu txikietan sartzen dira herritarren etxeetan, txirrinak bortizki sakatuz, ateak kolpatuz eta herritarrak armekin makurraraziz. Epaile batek sinatutako baimenarekin sartzen dira, hori bai”.
Frantziako Estatuan goi mailako epailea izan den Serge Portellik dio “tortura egon badago, ez da batzuen asmakizuna. Eta, epailea naizenez mina ematen didan arren, esan beharra daukat, justizia torturaren praktikaren konplizea da”. Eta Espainian torturaren konplize asko izan dira 1960tik gaurdaino. Hori ongi dakite Sakanako 149 torturatuek. “Torturaren praktika Estatu politika bat” izan da, “Estatuaren interes goren baten mesedetan egiten dena, Estatuak berak gidatu eta zaintzen duena”. Eta Joxe Azurmendi filosofoak esaten duen moduan, tortura da “Estatuak erabiltzen duen tresnarik bortitzena jendearen kontzientziak kontrolatzeko”. Baina hori ezin da demokrazia batean modu publikoan egin, eta horregatik ezkutatzen da.
“Arghitzen” dokumentalean, beraien ibilbide profesionalagatik prestigio handia duten adituek torturaren praktikaren ezaugarri nagusi batzuk azaltzen dituzte. Aipaturiko Serge Portelli epaileak, tortura praktika unibertsala dela gogorarazten du; Mikel Reparaz kazetariak kontatzen du demokraziaren “eredutzat” hartzen diren Estatu Batuetako presidente batek torturaren praktika beharrezkoa dela esan zuela publikoki; Martxelo Otamendi kazetariak torturaren helburuak aletzen ditu (informazioa lortzea, izua barreiatzea, mendekua…). Amaia Izko eta Iñigo Iruin jurista ezagunak, berriz, zera azpimarratzen dute: tortura delitua dela eta eraginkortasun poliziala versus eskubideen bermeen arteko lehian, zuzenbide estatu batean eskubideen bermea lehenetsi behar dela.
Baina, gutxienez 2011 arte Espainan egon diren gobernu guztiek tortura erabili dute, eta bere praktika ukatu ere. Otamendik esaten du iragan mendeko bederatzigarren hamarkadaren erdi parean Estatuak hausnarketa bat egiten zuela: euskal arazoari aurre egiteko bide ilegalak ez dute balio, Europak onartzen ez dituelako. Bide legalak erabili behar dira. Eta bide legalak erabiltzeko, epaileak eta botere judizialak hartu behar dute gidaritza. Horrela, guda zikinari ateak ixten dizkiote, baina tortura mantendu beharrean aurkitzen dira, nonbait. Eta tortura horri babes juridiko bat eman behar zaio, epaileen onespena behar du torturak. Eta hor agertzen dira, besteak beste, Baltasar Garzon eta Fernando Grande Marlaska epaile ezagunak. Soilik horrela ulertu daiteke hainbeste urtez hain modu masiboan gauzatu den torturaren praktika ia ia ikusezin gertatzea Justiziarentzat. Salbuespeneko Legedi Antiterrorista, kontrol demokratiko orotik kanpo lan egiten duten polizien talde antiterrorista bereziak eta Gobernuaren menpekoa den Entzutegi Nazionala osatzen duten hirukiak azaltzen du dena. Horrela, gutxienez, pentsatzen dute Iruin eta Izko abokatuek.
Pertsonak suntsitzea helburu
Torturaren praktika egituratu eta zigorgabe honek pertsonaren borondatea suntsitzea du helburu. Ainara Iraizoz psikologoak azaltzen du nolakoa den borondatea apurtzeko prozesu hori. Zeintzuk diren eragiten duten aldagaiak (Estatua eta norbanakoaren artean dagoen indar desoreka, torturatzaileak bere lana egiteko duen ahalmena); torturaren praktika beraren nolakotasuna, biktimaren ezaugarrietara egokitzen dena, intermitentziarekin gauzatzen dena noraeza eta nahasmendu sentsazioak areagotzeko… Azkenean bere helburua lortzeraino, torturatuak esan edota egin nahi ez duen zerbait esanarazi edo eginarazteraino.
Torturaren zulotik atera daitekeela ere gogoratu nahi izan dute dokumental honetan parte hartu dutenek. “Torturaren zulotik atera ahal izateko oso garrantzitsua da norberaren ingurunetik jasotzen den laguntza. Lehen momentuan borroka kideak edo kartzelako ziega kideak egiten dizun zaintza. Psikologo eta profesionalek bideratutako arta. Garrantzitsuak ere neurri politiko eta sozialak: torturaren egia azalerazteko politikak, aditu taldeen ikerketak, komunikabideen lana, instituzio publikoen arreta”, diote egileek.
Ildo horretan, dokumental honek memoriari egiten dion ekarpena ere azpimarratu dute, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea lortzeko beste tanta bat dela gehitu dute. “Torturatuak eragile aktibo gisa antolatzea funtsezkoa da bidea egiteko. Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herrian urratsak egiten ari dira torturatuan bildu, antolatu eta beraiek eragiletza bazter guztietara barreiatzeko. Soilik horrela lortuko dugu egunen batean torturaren errealitatea ilunetik argitara ekartzea. Tortura berriz inoiz, inon, inoren kontra berriz ez praktikatzeko bermea lortzea”.
Dokumentalean agertzen den elkarrizketatu gazteenak, Urtzi Nazabal Goñik, zeinaren etxean bi belaunaldiz torturaren biktimak ezagutu diren, bere kezka partekatzen du: “Etorkizunean ere, Estatuak beharrezkoa ikusten badu, Estatuak tortura praktikatuko duelaren beldurra dut”. Kezka horri erantzutea, beldur hori ezabatzea da herritar guztien ardura.