☂️ Aterpea | “Gizartean beldurra hedatu da eta horrek eragina du pertsona transexualen bizitza errealetan”

Bea Severrek eta Eneko Garcia "Albina Stardust"ek ikuspuntu ezberdinetatik lantzen dute transfobia. Sever Naizen elkarteko bozeramailea da, eta haur eta nerabeen transexualitateari ikusgarritasuna ematen eta familiei euskarri emozionala eskaintzen ari da duela 10 urte elkartea sortu zutenez geroztik. Azken urteetan, jendartean gezur eta zurrumurru gehiago hedatu direla nabarmendu du eta jendartean beldurra zabaldu dela: "Hitzaldiak eman behar ditugunean ja inork ez du bere testigantza eman nahi eta komunikabideek deitzen gaituztenean inork ez du aurpegia jarri nahi. Horrek eragin zuzena du jendearen bizitzetan", ohartarazi du. Eneko Garcia, aldiz, Albina Stardust drag artista gisa da ezaguna. Oso garrantzitsutzat jo ditu erreferenteak, eta trabestismoaren bidez jendea inspiratzea da bere xedea, "generoak gizartean duen pisua pixka bat behintzat kentzeko". Era berean, ahalduntzearen garrantzia azpimarratu du: "Erakutsi behar diegu ausartak garela eta guk ere erantzun egiten diegula erasoei".