“Xiberoa, Erronkari eta Zaraitzu arteko galzorian zeuden harremanak berpizten saiatzen ari gara euskara erdigunean jarriz”

Bigarren urtez, Zaraitzu eta Xiberoko euskaltzaleen topaleku izan nahi duen mugaz gaindiko Uskararen Astea ospatuko dute irailaren 16tik 19ra. Ekimen berezi honen helburuak azaldu dizkigu Zesar Armendariz euskaltzaleak elkarrizketa honetan.

Zesar Armendariz

Ekialdean Eüskaraz

2026-ko irailak 15

Ekialdeko mugaz gaindi Uskararen Astearen bigarren edizioa ospatuko duzu datozen egunetan. Zein da ekimen honen funtsa?

Ekimenaren helburu nagusiak dira inposatutako muga administratiboak mendeetan zehar hausten joan den eta bortuetako lanen gutxitzearekin ere galtzen joan diren harremanak berpiztea eta harreman horiek bortuaren bi aldetako biztanleok batzen gaituen hizkuntzan izatea: euskaraz.

Xiberoa Erronkari eta Zaraitzuko ibarrek elkarrekin antolatzen duzue astea. Nola da zuen arteko harremana egunerokotasunean? Bada harreman nahikoa, euskaraz egiten da…?

Egunerokotasunean harremana ez da erraza. Bortuak bereizten gaitu eta, erran bezala, gero ta gutxiago dira mendian lan egiten duten pertsonak. Horretaz gain, azpimarratzekoa da bi aldetako administrazioek neguan Larraineko bortuko errepidea garbitzeari uko egiten diotela, pausu bakarra San Martin harriko errepidean utziz.

Hala ere, abeltzainen arteko harremana bada, udan bereziki, mugakideak diren udalerrietako hautetsiek ere harremanak badituzte eta herri batzuk senidetuak daude, Atharratze eta Otsagabia edota Maule eta Burgi kasu, eta urtero bi herrietako jaietan elkarri bisita ofizialak eta trukatze kulturalak egiten dituzte.

Azken urteotan abiatutako dinamikarekin, galzorian zeuden harremanak berpizten saiatzen ari gara ekintza ezberdinen bidez: mendi ibilaldiak egin izan dira Iturzaetako lepotik abiaturik, aste honen gisako uskararen asteak antolatu dira eta eskolen arteko harremanak eta elkartrukeak egiten hasi dira, Erronkariko Eskola Maulekoarekin eta Otsagabiko Eskola Alozeko Ikastolarekin.

Harremanen berpiztea errazteko, guretzat ezinbertzekoa da euskara erdigunean jartzea mugaz bi aldetan komunean dugun hizkuntza delako eta hiru eskualdeetan euskararen mantentzean eta berreskuratzean lanean buru belarri dabilen jende anitz dagoelako.

“Harremanen berpiztea errazteko, guretzat ezinbertzekoa da euskara erdigunean jartzea mugaz bi aldetan komunean dugun hizkuntza delako eta hiru eskualdeetan euskararen mantentzean eta berreskuratzean lanean buru belarri dabilen jende anitz dagoelako.”

Asteazken honetan egingo duzuen tailer batean euskararen gaur egungo egoeraren inguruan eta erronkei buruz arituko zarete. Aurreratu dezakezu zerbait gehiago? Zein da gaur egun euskararen egoera eta nola suspertu daiteke bere erabilera bailara hauetan?

Plazara duela urte gutxi Lapurdin sortutako elkarte bat da, gehien bat Ipar Euskal Herrian funtzionatzen duena eta euskara erdigunera ekartzeko lanean diharduena. Aste honetan Liginagan zein Ezkarozen eginen den tailerraren helburuak dira gaur egungo egoeraren argazki bat egitea eta etorkizuneko erronkak gainditzeko bidean jartzea, euskaldunen aktibazioa eraginez. Plazarak metodologia aktibo eta parte hartzailea baliatzen du, egoera pertsonaletatik abiaturik konponbide kolektiboetara, pilula teorikoak txertatuz.

Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan bertako euskalkitan mintzatzen ziren azken euskaldun zaharrak duela hamarkada zenbait hil ondoren, berreskuratze fasean da euskara eta 40 urtetik behitiko jende gehienak ikasi du eskola publikoetako D ereduan. Adin horretatik goiti txikia da euskaldunen portzentaia. Bi ibarretan euskararen aldeko jarrera arnastu daiteke eta erabilera handitzea litzateke erronka nagusia. Xiberoko egoera pixka bat desberdina da. Bertako euskalkiaren trasmisioa ematen da oraindik-orain etxeetan, jaisten ari bada ere. Eskola publikoetan murgiltze eredurik ez da eta eredu elebiduna hautazkoa da, Aloze eta Sohütako ikastolak euskararen irakaskuntzarako erreferente funtsezko bihurturik. Erabilera handitzearen kezka partekatzen dugu auzokide xiberotarrekin eta horretarako konponbideak erantzun anitzak behar ditu: instituzioen inplikazioa eta finantziazioa, hezkuntza zentroetan euskararen irakaskuntzarako baliabideen handitzea, aisialdian ere euskara funtzionamendu hizkuntza bihurtzea, euskaldunen aktibazioa…

“Erabilera handitzearen kezka partekatzen dugu auzokide xiberotarrekin eta horretarako konponbideak erantzun anitzak behar ditu: instituzioen inplikazioa eta finantziazioa, hezkuntza zentroetan euskararen irakaskuntzarako baliabideen handitzea, aisialdian ere euskara funtzionamendu hizkuntza bihurtzea, euskaldunen aktibazioa…”

Uskararen Astearen egun handia larunbatarekin iritsiko da. Zer izanen da?

Astean zehar Xiberoan zein Zaraitzun ekintzak egin ondotik, larunbatean elkartzeko eguna izanen da. Iaz Atharratzen ospatutako egunaren egitarauari jarraiki, egun guztiko eta adin guztietarako programazioa prestatu da. Eguerdiko 12:00etan Jokai konpainiaren “Mugarri” antzerki musikatua ikusteko parada izanen dugu Zaraitzu Ibarreko Etxean, Ezkarozen. 5€ko sarrera egonen da eta bertan salduko dira. Ondoren, bazkaria egonen da Otsagabiko Gartxot Elkartean. Arratsaldeko 16:30etan haurrendako estanpazio tailerra egonen da Otsagabiko Blankoa plazan, La Crafeteraren eskutik. Eta egitarauri amaiera emateko, 20:00etan ZETKIN punk talde feministaren kontzertua izanen da Idarrotxi Gaztetxean.

Gehiago