“Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da”
Xabi Gartzia
AEKko Nazio Kontseiluko kidea
2026-ko irailak 12
AEKk ikasturte honetan bere 50. urteurrena ospatuko du. Helduen euskalduntze prozesuan lan zoragarria egin duzue… Zorionak!
AEK lehenago sortu zela esan genezake, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zen guretzat. 1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen, eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen.
Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazten hasi nahi izan dugu. Izan ere, “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen” leloa erabiltzen hasi gara. Eta, erran gabe doa, hau hasiera baino ez da.
Egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau, beraz, euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak.
Uda bero hau atzean utzi eta matrikulazio kanpainari heldu diozue “Euskara eroso ikasi eta bizitzeko” lelopean. Honekin zein da herritarrei zabaltzen diozuen mezua?
AEKren xedea horixe da: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea nahi dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian… Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko eta abarrerako.
Hortaz, horiei guztiei beldurrak atzean utzi eta euskaltegiko atea zabaltzera dei egiten diegu, AEKren euskaltegietako ateak parez pare dituzte irekita.
“Beldurrak atzean utzi eta euskaltegiko atea zabaltzera dei egiten diegu herritarrei, AEKren euskaltegietako ateak parez pare dituzte irekita”
Euskalgintzak bere egin du Kontseiluak ekainean ezarri zuen euskararen Pizkunderako Erronka: hurrengo 10 urteetan 300.000 euskaldun berri lortzea. Bide horretan, zein da helduen euskalduntze-alfabetatzea sektoreak egin beharreko ekarpena? Eta hori praktikan gauzatzeko, zer egin behar da?
Ekainaren 13an, Iruñean, Kontseiluak deituta egin genuen Euskaltzaleon Martxan gogorarazi genuen euskara eta euskal hiztun-komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta ezinbestekoa dela biziberritze-prozesuan jauzia egitea, pizkunde berri bat eragitea. Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sor dezagun da helburua. Horixe dugu erronka, horixe dugu helburu, eta horixe da euskaltegion egitekoa.
Xedea lortzeko, hainbat kontu izanen dira ezinbesteko: euskara-ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan-munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea.
“Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sor dezagun da helburua”
Euskal Herrian, oro har, euskara ikasteko diru-laguntzak handitu direla azpimarratzen duzue. Herrialde eta maila batzuetan ia-ia doakoa da gaur egun euskara ikastea. Nabaritu da azken ikasturtetan, igo egin da ikasle kopurua?
Ikasturtea 16.000 ikaslerekin amaitu dugu Euskal Herrian, aurrekoan baino 2.000 ikasle gehiago. Beraz, esan dezakegu, doakotasunean ematen diren urratsek laguntzen dutela herritarrak euskaltegietara hurbiltzen. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azken aldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak; EAEn ezarri den Euskara Bonua eta Nafarroan A1 eta A2 beken bidez doakoa izateko aukera. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea.
Euskara Bonua, EAEn ezaugarri hauek izanen ditu: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek 120 euro ordainduko dituzte eta 4 urtez ikasi ahal izanen dute ezer gehiago ordaindu gabe. Esan bezala, Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Eta Ipar Euskal Herrian, formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.
“Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula”
Ikasle kopuruaren hazkundea, hala ere, lehenagokoa da Erriberan, eta horrek euskaltegi berria inauguratzea ekarri du… Zerk eragin du hazkunde hori?
Bai, Tuterako Arrigarai AEK euskaltegiaren egoitza berria, handiagoa eta erosoagoa, irailaren 18an inauguratuko dugu. Atzerantz begiratuta, joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi zen euskalgintza-mugimendua Nafarroako Erriberan. Egoitza finkorik ezean, ahal zen tokietan ematen ziren eskolak: Lestonnac eraikinean, hainbat eskolatan… Euskara ikasteko gogoa zabaltzen ari zela ikusita, 1984an erosi zuen AEKk Tuterako Herrerías kaleko egoitza, orain utziko dena, txiki geratu delako. Goranzko joera, izan ere, etengabea izan da. Adibide gisa, kopuru hauexek: 2010/2011 ikasturtean, 10 ikasle zeuden Arrigarai AEK euskaltegian; 2015/2016an, 44. Eta 2025/26 ikasturtean, 145. Erriberan kopuru hori gainditzea espero dugu ikasturte honetan.
Hazkunde horretan faktore ezberdinek eragina izan dutela uste dugu. Argi dago Nafarroan aldeko haizea dabilela azken hamarkadan, beste giro bat sumatzen da, eta horrek jendartearen gogoan isla berezia izan du Erriberan. Baina zerk ekarri du haize aldaketa? Ager eremuan deritzogun horretan Errigoraren lana oso aipagarria da, eta berarekin batera Agerraldiarena, jakina; baita Erriberako beste eragile askorena ere (bertako euskaltzaleak, zenbait kolektibo eta kulturgile…). Giroan, jarreretan eta sentimenduetara iritsi dira, eta bertako herritarrek bere egin dute euskara. Horiek eta asko gehiago ari dira euskaltegietara eta euskararen aldeko ekimenetara hurbiltzen.
Bukatzeko, euskaltegietan fisikoki ikasi nahi ez edo ezin duenarentzat, zein da egiten duzuen eskaintza?
AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen gara. Ikasleen beharrizanetara egokitua dugu eskaintza: ordutegiak, modulazioak, mailak… Euskara-eskolak ematen ditugu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Eta hilabeteko ikastaro trinkoak ditugu, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez.
Aurtengo kanpainako alfonbra ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita da. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera nahi dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko…
“Euskara Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera nahi dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko…”
Gehiago
2
Nuevo euskaltegi de AEK en Tutera ante la creciente matriculación de estudiantes de euskera
Helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea 300.000 euskaldun berri lortzeko erronkan estrategikoa dela azpimarratu dute
1
