Zurrunbiloaren zirrikituan barna

2014-ko otsailak 20

Zalaparta. Komunikabideak hemen eta han, Nafarroako parlamentuko pasilloetako zurrumurruak,  Madrileko gobernu zentraletik deiak, presidentearen hitzak, oposizioaren erantzuna…. pil pilean bizi dugun panorama dugu egunotan.  Eta egunerokotasunean, lehenagotik datozen zantzuak dira gaur bizi ditugunak ustelkeriak zipriztindutako gobernuaren eskutik. Azken hamarkadetan  herritarrak aintzat hartu ez dituen gobernuak begiak itxi ditu, belarriak tapatu eta bere interes propioetara murgilduta besterik ez da aritu. Denbora da, boterean dauden gobernuburu eta inguruko lagunen  arteko jokoak gutxi batzuei men egiten dien politika erabili duela eta hau gutxi balitz,  herriak urte luzetako borroken ondorioz lortutako eskubideak urratzen dizkigu. Joko zikina. Nola izan daiteke murrizketak ematea, herritarren behar minimoen gainetik Navarra arena bezalako diru xahutze proiektuak lehenetsiz?  Kontrara, gobernua bere horretan dago, euskara zapaltzen, D ereduaren kontra jazartzen, emakumeen askatasuna urratzen eta abortua ilegala bilakatzen, jai herrikoiak debekatzen, LOMCEa bultzatzen, zerbitzu publikoak murrizten eta pribatizatzen, CANen pastela,  oinarrizko errenta desagerrarazten… Eta Gazteok zer? aukerak behar ditugu ez oztopoak. Etorkizunik gabeko jendarte bat eskaintzen diguzue, pobrezian bizitzera kondenatuta. Kalean izan gara, kexu  gara gure duintasuna zapaltzen duten erantzuleek ez baitigute etorkizunik opa. Enegarrenez botako dugu eta entzun nahi ez duenari letra argiz edo letra larriz idatziko diet mezua  “GO HOME! ALDE HEMENDIK!”.  Aski dela aspaldi esan dugu baina ez gara nekatu, herriak bizi nahi du!

Sinesgarritasuna.  Aspaldi galdu du gobernuak. Sasipolitikariak protagonista bilakatu dira komunikabideetan. Herriak jakin badaki nortzuk diren eta zertan ibili diren, korrupzioa ez baita bere senaz hemendik hara ibiltzen. Kontuz!ek aditzera eman zuen bezala leporaino beteta ditugu gobernadoreak, eta hala ere agintean jarraitzen dute, inolako lotsarik gabe. Zein zilegitasun klase ote dute?

Sinesgarritasuna.  Aspaldi galdu du gobernuak. Sasipolitikariak protagonista bilakatu dira komunikabideetan. Herriak jakin badaki nortzuk diren eta zertan ibili diren, korrupzioa ez baita bere senaz hemendik hara ibiltzen. Kontuz!ek aditzera eman zuen bezala leporaino beteta ditugu gobernadoreak, eta hala ere agintean jarraitzen dute, inolako lotsarik gabe. Zein zilegitasun klase ote dute? Matematikek erakusten dute parlamentuko eserlekuen batura 50 dela.  19  + 9  + 8 + 7 + 4 + 3= 50  da. Aurreko Apirileko zentsura mozioa aurkeztu zenean lehendakariaren dimisioa eskatu zuten oposizioko alderdi batzuek, hala, herritarrak izan zitezen hitza hartuko zutenak. Ez zen aurrera atera ordea,  batzuen jarrerari esker. Orain, zentsura mozio baten atarian, batzuek ezinegonaren ardura euskal gatazkari leporatzen dioten arren, eta Madrileko estatu hitzarmenen garrantzia gailendu arren, ez ditzagun bazterrak nahasi,  korrupzioak ekarri gaitu egoera honetara. Ezin dugu horrela jarraitu.  Honek aldatu behar du, beste norabide bat hartu eta oposizioak horren alde egin behar du apustu.  

Aspertuta, prekarietateak etorkizunik eskaintzen ez digun honetan, aldaketa baten premia nabarmena da. Hau da,  nafarron hitza eta erabakien bozgorailua behar dugu, guztiok errespetatu behar gaituena. Baina oraindik harrigarriagoa egiten zait  gobernadore batzuen jarrera. Kexu azaltzen dira korrupzio kasuak argitu behar direnean egiten den prozesuarekiko, kasu honetan, gobernua disolbatu eta hauteskundeak deitzeko aukerarekiko.   Legeak hala dio.  Eta orduan, zergatik kexu azaldu? Madrilgo gobernua korrupzioaren alde ote dago? Demokrazian ez al da zilegi hauteskunde batzuetan proiektu guztiak defendatzeko aukera? Nik horren alde bozkatuko dut. Baina erronka ez da hemen bukatzen. Urte luzeetan PSN eta UPNren gobernuek bideragarritasunik gabeko egoerara bultzatu gaituzte, horregatik nafarrok aukera dugu oraingo honetan ardura politikoaz jokatzeko, gu soilik baikara herri honi alternatiba bat eskaintzeko arduradunak hurrengo hauteskundeetan. Arlo sindikalean eta sozialean desberdinen batuketa izango da aldaketa ekarriko duena, hizkuntza eta hezkuntza eskubideak bermatuko dizkiguna, egoera sozialari aurre egiteko minimo batzuen ekinbidea duena, martxan dagoen itun sozialaren berme izango dena.  Guk, herritar gisa eraldaketa sozialean oinarrituko den jendartea nahi dugu!

Grina. Aldaketarako grinez gaude nafarrak, langabetuak, pentsionistak, langileak, gazteak, herritarrek aldarrikatutako hitzak etorkizuneko gobernuaren norabidea izan daitezen.

Grina. Aldaketarako grinez gaude nafarrak, langabetuak, pentsionistak, langileak, gazteak, herritarrek aldarrikatutako hitzak etorkizuneko gobernuaren norabidea izan daitezen. Izan dadin grinaz haratago, pausu bat, non benetan saiakera bat egongo den politikak berak orain arte hartu duen norabidea aldatzeko, ezkerrera jo dezan. Egin dezagun apustu aldaketa hau eman dadin,  proiektu politiko guztiak defendatu ahal izango direna. Izan dadin gure erronka  ideien konfrontaziorako aukerak zabaltzeko. Gobernuak ardura politikorik gabe jokatu badu ere, guk badugu gurea, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure hitza, gazteok, etorkizun justuago baten alde borrokatzeko aukera dugu orain. Negatibotasunetik atera eta haize bolada berriek, orain artekoak astintzeko garaia dugu. Lidergoaren estrategiek erakutsi dute gobernuak Madrilek esaten duen horri garrantzi gehiago ematen diola benetan kalean gauden herritarron hitzei baino. Badakigu, joko instituzionalak harrotu ditu gertakariak, zeresana izan da eta izango da datozen egunotan. Hortaz, izan gaitezen gu geu udaberri honetako freskotasuna herriari emango diona, non ideia desberdinek leku izanen duten eta hauek defendatzeko aukera izango dugun. Herriak piztu ditzala alarmak, egin dezagun denak bat, herritarron hitzak dagokion lekua berreskuratu dezan!  

Prest! Honi guztiari buelta emateko prestutasuna badugu. Datorrena datorrela, aldaketa bat dugu aukeran, derrigorrean nafarrok eta Nafarroarako egina izanen dena, eskubideetan oinarritu beharko litzatekeena, errespetuan eta herri beharretan. Herrien burujabetzaren bidean pausuak emateko hauspoa izan dadin, jarrai dezagun lanean. Zernahi garela ere, gezurretan ibilitako sasipolitikariak kanporatu ditzagun gure bidea eraikiz, kaleetan dagokiguna aldarrikatuz etorkizuneko jendarte libre baten alde.

Gehiago