“Zumetak emango dio hasiera Noaingo martxari”
2014-ko ekainak 12
José Luis Zumeta marrazkilariak (Usurbil, 1939)emango dio aurten hasiera ekainaren 28an ospatuko den Noaingo martxari. Marrazkilari gipuzkoarrak makila eramango du martxaren lehenengo txandan, Getzen dagoen Ulibarrenaren monumentutik abiatuta. Makila hau eskuz esku pasako da ibilaldi osoan zehar, Iruñera iritsi arte, herri honek bere nortasuna eta memoria mantentzeko duen nahiaren adierazle gisa.
José Luis Zumeta euskal artearen ordezkari garrantzitsuenetako bat da eta bere karrera artistikoan nabaria izan da herri honekiko duen konpromisoa. Nafarroarekin harreman estua mantentzen du eta bere tailer artistikoa Arriben dago kokatua. 14 urterekin hasi zen marrazkilari lanetan Donostian, eta 19 urte soilik zituelarik Madrilen egiten den “Pintura Joven” lehiaketan Urrezko Domina Nazionala irabazi zuen. 1959an Parisera alde egin zuen, frankismoaren isolamendutik ihesi, eta han ezagutu zuen abangoardia artistikoa. “Gaur” taldearen sortzaileetako bat izan zen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera. Frankismo garaian sortua, nazioarteko abangoardiarekin harremanetan jartzeko helburuz jaio zen taldea, eta garaiko euskal artearen erreferente bihurtu zen.
Mikel Laboaren lagun mina, haren diskoetako portada gehienak diseinatu zituen. Bi artista hauek sarritan egin zituzten euskararen eta euskal kulturaren aldeko aldarrikapenak.
Bere obra ezagunenetakoa “Homenaje al Gernika de Picasso” dugu, zeinagatik 1967an “Euskal Pinturaren Sari Handia” eman zioten. Aipatzekoak dira ere Usurbil eta Pasaiako zeramikako bi mural handiak.
Bere artea Mexiko, New York, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Alemanian erakutsi ditu besteak beste, eta bere arte lanak Bilboko Arte Ederretako museoan, Donostiako San Telmo museoan eta Gasteizeko Artiumen dira ikusgai.
Horregatik guztiagatik, ohore bat da José Luis Zumetak, nafar independentziaren aldeko borroka gogora ekarriko duen Noaingo Martxan makila eramatea.