Zornotzatik Igorrera “Gazte Akelarrea” ospatuko da udaberrian “Sugarren dantzan independentziara!” lemapean

Apirilak 13, 14 eta 15ean ospatuko da ekimena, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeen eskutik.

2017-ko urtarrilak 20

Laugarren urtez jarraian, ERNAI eta AITZINA gazte antolakundeko kideek udaberriko ekimena ospatuko dute, oraingo honetan “Gazte Akelarrea” izenarekin. Apirilak 13, 14 eta 15ean izango da Zornotzatik Igorrera martxa eginen dute “Sugarren dantzan independentziara!” lemapean.

Aurtengo ekimena, berezitasun bezala, martxa eta topagunearen nahasketa bat izango da. Izan ere, apirilak 13an Bidasoaren bi aldeetako gazteak martxan abiatuko dira arratsaldez Zornotzatik eta gauez helduko dira Igorrera, eta bertan bi egunez izango dira.

Esan bezala, laugarren aldia da milaka gaztek auzolanean eta autogestioan oinarrituta udaberriko ekimen hau antolatzen dutela. Dazte Danbada, Gazte Martxa, Gazte Burutakzio…Gazte Akelarrea ere bide bertsutik doa. Aurten “independentziaren alde sugarren dantzan” egingo dute dantza milaka eta milaka gaztek.

Festa bat izatetik haratago, hausnarketa, eztabaida eta konspiratzeko gune bilakatu nahi dute Gazte Akelarrea. Eskaintza kultural eta politikoa izango da bertan: hitzaldi, mahai-inguru, tailer, antzerki, kontzertu eta beste hamaika erregai eder.

Aurreko ekimenetan egin bezala, aurten ere “hiru su” izango dituzte piztuta ekimenean zehar; elikadura, eskaintza kulturala eta zaintza. “Hiru horiek berebiziko garrantzia eta pisua daukate, izan ere, burujabetzaren aldeko bidean praktika burujabeen aldeko apustua egiten dugu bi antolakundeok”, aipatu dute. Beraz, kontsumituko den produktu oro bertakoa izanen da, ekimena egingo den herri zein eskualdekoa batez ere. Bestetik, egitarauko eskaintza kultural osoa herritik eta herrirako sortutakoa izango da. Azkenik, ekimena aurrera eramateko milaka gaztek egiten duten lan bolondres eta militantea zaintzeko apustua egin dutela azpimarratu dute.

Laister informazio gehiego zabalduko dutela ere aurreratu dute.

Gehiago