Zizurren izandako azken erailketa matxista salatu dute kalean

Euskal Herriko mugimendu feministak Zizurko hilketa "sistema oso batek ahalbidetzen duen" indarkeriaren ondorioa dela azpimarratu du.

2025-ko uztailak 31

Argz: EITB

Urtea hasi zenetik, 5 emakume hil dituzte Euskal Herrian. Zizur Nagusian pasa den asteartean gertatu zena erailketa matxista bat izan dela baieztatu dute hainbat instituzioek. Eta horren ondorioz, gaur kalera atera da Euskal Herriko Mugimendu Feminista bere samina adierazteko biktimaren senide, lagun eta gertukoei.

“Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren erailketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezaten eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki”, adierazi dute.

Gertakari isolatu bat izatetik urrun, eraso matxista hauek “sistema oso batek ahalbidetzen” dituen indarkeriaren espresioak direla azpimarratu nahi izan dute. “Emakumeok* emakume* izate hutsagatik bizitza osoan zehar jasaten dugu indarkeria hori. Izan ere, ez da kasualitatea gizonak izatea emakumeak erailtzen dituztenak sistematikoki, eta ez alderantziz”.

Honek gizarte egiturarekin zerikusia duela ere nabarmendu dute. “Gizarte egitura zehatz baten adierazle da, bai eta gizonak eta emakumeak* eredu dikotomiko eta antagonikoetan heztearena ere. Indarkeriaren banaketa sexual eta patriarkalarekin du zerikusia”.

Gertakari hau ezin dela osasun mentalaren aitzakiapean ezkutatu ere argi utzi nahi izan dute. “Guk ez dugu diskurtso hori elikatuko. Indarkeria matxista da, eta hilketa hau indarkeria horren egiturazko adierazpen garbia da”, esan dute.

“Urgentziazkoa mekanismoak” ere eskatu dituzte erailketa matxistekin amaitzeko. “Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu”, eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

Gehiago