Zizelkariak, Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarri

Topatu.info-k ekoiztuko duen dokumentalak Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarriko ditu, Euskal Herriko sei ertzetan gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri ahotsa emanez. Tximeletak, Arrakala eta Gure Kabuz ala Hilen ondoren, Topatuk ekoitziko duen laugarren dokumentala izango da Zizelkariak, eta lan hau egiteko crowdfunding kanpaina bat abian jarri dute.

2019-ko urriak 28

Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazteri ahotsa emango die Topatu.info-k Zizelkariak dokumentalean, ertzetako borroketatik Euskal Herri bat irudikatzeko. Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte talde prekarioko kidea,  Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea, Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea, Martta, Donapauleko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea,  Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea izanen dira dokumentalaren protagonistak.

Sei gazte hauek euren herrietan bizi duten errealitatearen berri emango dute Zizelkariak dokumentalean, leku bakoitzean aurrera eramaten dituzten borroken berri emanez. Era berean, euren herrietan eta oro har Euskal Herrian etorkizunean garatu beharreko borrokak ekarriko dituzte erdigunera, elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko.

Itsulapikoa.eus crowdfunding plataformaren bidez diru bilketa bat martxan jarri dute dokumentala egiteko beharrezkoak diren 4.500€ biltzeko.

Gehiago