Ziordiko Amarauna proiektu autogestionatuan auzolana eginen dute asteburu honetan
Amarauna irabazi-asmorik gabeko elkarte bezala antolaturik dagoen kolektibo bat da, Sakanako Ziordi herrian kokatua dagoen konbentu ohia kudeatzeaz arduratzen dena, bertan bere proiektu autogestionatua aurrera eraman nahi duena. Abuztuaren 5, 6, 7 eta 8an espazioak prestatu eta txukuntzeko auzolan irekia martxan jarriko dute.
2017-ko abuztuak 3
Proiektu autogestionatua garatzen ari da Amarauna Ziordia taldea izen bera duen espazioan. Hain zuzen, Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen Kongregazioaren Ziordiko komentua zen eraikinean. Espazioa batetik, eta, bestetik, han gauzatu nahi den proiektua da ere. Jordi eta Cris kideek eman digute euren asmoen berri. Eurek esan digutenez, “pixka bat kasualitatea da gu hemen egotea. Elkarrekin bizitzeko etxea bilatzen ari ginen eta kasualitatez hau eskaini ziguten. Horrekin batera, hainbat jende ezagutu genuen”. Espazioen erabilpenerako proiektua aurkeztu zuten. Mojekin ados jarri ziren eta lagatze-kontratua sinatu zuten.
Halako beste proiekturik ezagutzen duten galdetuta Crisek eta Jordik Artiedako Arterra aipatu dute. Baina “desberdinak” direla zehaztu dute, hura “gehiago elkarbizitza proiektua” dela azaldu dute. “Eraikin oso handi bat da, aukera ematen dute topaketak egiteko. Aterpea badute. Hemen halako zerbait egiteko asmoa dugu. Elkartea gara eta bazkide eginez hemen gaua pasatzeko aukera dago”. Desberdintasuna da “komentuan ezin dela bizi. Bakarrik erabiltzeko da”.
Ziordiarekin erlazio handirik ez dutela izan esan digute. Iritsi zirenean udal ordezkariekin hizketatu ziren. Aterpe proiektua garatu nahi zuten, baimenarekin… Ezinezkoa zela ikusi zuten eta atzera egin zuten. Udalarekin bildu badira, Ziordiko beste eragileekin biltzeko asmoa dute. Harremana izan dute elkartearekin eta gazte asanbladarekin. Bilera horiek egitekoen zerrendan dituzte. “Poliki-poliki. Gauzak lotzen nahiko itxita egon gara eta iritsi garenera iritsi gara. Orain zabaltzeko momentua da, elkartea egina dugunean. Herrikoak hemen inplikatzea garrantzitsua litzateke”.
Helburuak eta balioak
Amarauneko kideek azaldu digutenez, “gure nahi indibidualak zein kolektiboak ase ditzakegun espazioa” da Ziordikoa, “non guztiak askatasunean harremanetan jarri gaitezkeen, konfiantzan, errespetuan eta komunikazio on batean oinarrituz”. Hori lortzeko espazio eta proiektu ugari sortu eta garatuko dituzte.
Dituzten helburuen artean daude gizarte solidario eta osoak sortzeko prozesu zabaletan laguntzea, ekologiaren esparruan iraunkortasuna zaintzea, iraunkortasunaren printzipioak kontuan hartuz turismo alternatiboaren garapena bermatzea, giza eta naturarekiko harreman mota berriak ezartzeko espazioak sustatzea, hazkuntza naturala eta kontzientea sustatzea, egungo ekonomia parametroen eraldaketa globalean parte hartzea eta arteak sorkuntza eta errealizazio bezala sustatzea.
Ziordikoaren moduko espazioak beharrezkoak jotzen dituzte “giza eta natura harreman mota berriak ezartzeko”, zeinen oinarriak liratekeen “elkarrekiko laguntza eta zaintzea, giza transformazioa, antolatzeko beste era bat eta abar”. Eraldaketa hori gizartean, ekonomian, ingurumenaren babesean eta kolektiboaren antolaketan beharrezko jotzen dute.
Zabalkundea
Komentua, lurrak eta etxebizitza ditu Ziordiko Amaraunak. Orain arte “proiektua zehazten” egon dira. “Hainbat talde daude. Sortu dira proiektu batzuk, besteak desegin. Beste batzuk egiteko daude. Momentuz, lau pertsona elkarbizitzen ari dira etxean; beste batzuek behiak dituzte, espazioa baliatzeko; fruta-arbolak zaintzeko 10 pertsonako lantaldea dute (sakandarrak eta iruindarrak); psikomotrizitate gela, haurren zaintza alternatiboan interesa duten kideak ditugu… Proiektu asko”.
Proiektua 14 pertsonak abiarazi zuten. Talde-motorrean, asanblada finkoan, bospasei pertsona daude. Horretaz aparte, esaterako, animaliez, erleez, baratzaz edo komunalaz arduratzen talde autonomoak daude; nahiz eta antolakuntza orokorra kontuan izan, “euren erabakiak hartzen dituzte”.
Udan “dugun proiektua publiko egitea nahi dugu, jendea pixka bat gerturatzeko. Baina ikusi dugu une bat zeinetan indar oso gutxi genituen”. Horregatik, uztailaren 5ean bilera irekia deitu zuten. “Laguntza eskatzen, jendeari gerturatzeko. Zeren ikusten dugu hemen kristoren aukera dugula edozer proiektu gauzatzeko. Jendearekin hori partekatu nahi genuen”. Orain arte ezin izan dute ireki elkartea legez eratzen egon direlako.
Aurrera begira
Egun horretan Altsasun kontzentrazioa egonda eta sanferminen bezpera izanda, “data onena izan gabe ere”, 20 bat pertsona elkartu ziren. Komentua zena erakutsi zieten. Ziordiko Amaraunaren aurkezpena egin zieten. Iritzi trukaketa izan zen eta auzatearekin despeditu zuten bilkura.
Bilera hartan “indarra” hartu zuten. Bi helburu jarri dituzte. Batetik, gizarte erakunde edo mugimenduei topaketak edo jardunaldiak egiteko eskaintza eginen diete. Horretarako, gelak prestatu beharko dituzte. Jakinarazi digutenez, Ziordiko Amaraunak udan topaketa batzuk hartuko ditu. Beste helburua gutxieneko bazkide kopurua lortzea izanen da, “espazioak sortzen dituen gutxieneko gastuak pagatzeko”.
Ondoren beste bilera bat egin dute, “proiektuak ez dira asko zehaztu, baina irekiera plana egiteko lan banaketa antolatzeko, taldeei eskaintzeko eta jendea bazkide aktibo izateko gogoz dago”. Bloga eta esku-orria, horiek prestatzen ari dira, euren proiektua zein den eta nola parte hartu daitekeen azaltzeko eta zabaltzeko.
Bazkidetza
Ziordiko Amaraunako kide egiteko aukera izanen da agorriletik aurrera. Bi motatako bazkidetza izanen da eta ordaindutako kuotak eraikinaren mantenurako eta kudeaketarako izanen dira.
Bazkide aktiboa. Proiektu orokorra eta espazioak kudeatzeko, erabakitzeko, antolatzeko ardura eta eskubidea duena da. Espazio guztiez gozatzeko aukera du, baita haiek zaindu eta mantentzeko betebeharra ere. Gainera, han hainbat proiektu sortzeko aukera izanen du. Hileko 10 euro ordaindu behar dira. Bost bat ziren lehendik eta bileraren ondoren hiruzpalau gehiago batu zaizkie.
Urteko bazkidea. “Antolaketan eta bileretan hainbeste inplikatzen ez dena, baina nahi duena espazioren bat erabili bere proiektua garatzeko”. Hori “positiboa ikusten dugu. Espazio oso handia da eta proiektu ugari garatzeko aukera dago”. Beraz, espazio guztiez gozatzeko aukera izanen du, baita haiek zaindu eta mantentzeko betebeharra ere. Urtean 70 euroko kuota ordainduz Amaraunaren espazioan proiektuak sortzeko aukera izanen du.
Auzolan irekia
Agorrilaren 5etik 8ra, larunbatetik asteartera, eginen dute. “Edonor gonbidatuta dago. Aurretik zein lan eginen ditugun jakinaraziko dugu. Ideia da lau egun hemen pasatzea, guztien artean otorduak prestatzea eta auzolana egitea. Aukera ona da jendea gerturatu eta proiektua ezagutzeko”.