Zergatik autodefentsa feminista?
2014-ko ekainak 21
AUTO: gu geu gai garelako!
Gehienetan, instituzio zein komunikabideetatik emakumeok subjektu pasibo gisa aurkezten gaituzte, beti gure salbatzailearen zain, izan estatua, izan printze urdina. Gutxitan ikusi, ikasi eta gogoratzen ditugu euren burua defendatzen duten emakumeen erreferentziak, izenak, hitzak eta irudiak. Komunikabideetako titularra bortxaketa bat izan daiteke, baina inork ez du argitara ematen bortxaketa batetik bere kabuz irten den emakumearen berri. Eta ezin dugu ahaztu betidanik egon direla eta bagaudela egunero indarkeriari aurre egiten diogun emakumeak. Guztiok gara erantzuteko gai, baldin eta gaitasun horiek lantzen baditugu.
Azpimarratu behar da “auto” hitzak ez diola soilik norbanakoari erreferentzia egiten, baizik eta emakume guztiok osatzen dugun kolektiboari. Ni ez naute erasotzen arrazoi pertsonalengatik, emakume izateagatik baizik. Horregatik, emakume bat gutxiesten, iraintzen edota erasotzen dutenean, emakume guztion aurkako erasoa da. Ezinbesteko da beraz, emakumeon arteko sareak jostea, zaintzan oinarritutako espazio seguruak sortzea eta elkartasuna lantzea.
DEFENTSA: erantzun bat emateko
Tamalez, emakumeok gure egunerokotasunean jasaten ditugu eraso sexistak. Pertsona orok dauka defentsarako eskubidea eta guk ez baditugu gure eskubideak defendatzen, ez du beste inork egingo. Beraz, zilegitasun osoa daukagu erasoen aurrean erantzun bat emateko.
Indarkeria sexistaren barruan ez daude soilik eraso fisikoak, horregatik ezin gara mugatu teknika fisiko batzuk ikastera, defentsa pertsonalean egiten den bezala. Autoestima eta emozioen lanketatik, norberaren ezagutzatik eta feminismotik abiatzen dugu AF. Erasoak mila modutakoak izan daitezke, kolpe bat, hitz bat, txantxa bat, keinu bat, begirada bat edota isilune bat, adibidez. Ez dago kasu bakoitzerako erantzun zuzen bat eta emakume bakoitzak erabakiko du kasu bakoitzean eta testuinguruaren arabera ze erantzun eman nahi duen. Daukagun tresna nagusia gure gorputza da eta horregatik gure begirada, ahotsa eta jarrera lantzea beharrezkoa dugu eraso bat ekiditeko edota erantzuteko.
FEMINISTA: errora jotzen dugulako harreman eredu berriak eraikiz
Ez dira hilketa pasionalak, erantzukizuna ez da soilik erasotzailearena eta arazoa ez da pobrea zela, alkohol gehiegi edan zuela edo arazo psikologikoak dituela. Arazoa soziokulturala da eta emakume edo gizon bezala bizitako sozializazio prozesuan dago gakoa. Emakumeok gehiegizko beldurra sentitzen ikasi dugu eta barneratutako kontrol mekanismo gisa funtzionatzen du. Aldiz, mutilek garatu duten agresibitatea guri txikitatik ukatu digute txintxoak, ahulak eta sentiberak izan behar ginelako. Menpeko izaten ikasi dugu, bestearen beharrak gurearen aurretik jartzen, beti irribarre batekin aurpegian.
Aski da! AF behar dugu emakumeen kontzientziak pizteko eta desio objektu izatetik, subjektu politiko izateko. Goazen gure desioak, nahiak eta beharrak errespetatu eta errespetaraztea. Esan ezetz, jarri mugak, atera amorrua, adierazi gustuko ez duzuna. Ez gara menpeko, ez biktimak, indartsuak gara, erantzuteko gai gara eta ez gaude bakarrik. Gure erabakia eta eskubidea delako, EKIN AUTODEFENTSA FEMINISTARI!