Zerbitzu publikoak garatu eta osasun sistema indartzeko eskaera egin du EHko Karta Sozialak

Koronabirusa eta sistemaren krisiaren aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta-k bizitza duinen aldeko hainbat neurri aldarrikatzen ditu, benetako eraldaketa sozial bat bultzatzeko. Dekalogo horretan agertzen den 1go neurria sistema publikoa garatzea eta osasun sistema indartzea da.

2020-ko apirilak 22

“Salbuespen egoeran dago Euskal Herria COVID-19 birusaren ondorioz, konfinamenduan. Osasun krisia, askotan aipatu dugun sistemaren krisiaren erdian eman da eta nola ez, krisi guztietan bezala, sistema kapitalista, heteropatriarkal natura suntsitzaile eta arrazistaren kudeatzaileek langileon bizkarrera bota nahi izango dituzte egoeraren ondorioak”, dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta-k.

“Koronabirusak ez du krisia sortu, krisia lehenagotik zetorren, alarma egoeran hartu diren neurriek are eta ikusgarriago egin dute gehiengoaren kontra eta gutxiengo baten aldeko logikan oinarritzen den sistema honek ez duela funtzionatzen. Sistema kapitalista da bizitza eta kapitalaren arteko krisia areagotzen duena. Beraz, garaia da momentuko egoerari aurre egiteko neurriez gain, zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko”, jarraitzen dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta-k eraldaketa sozialerako dekalogo bat kaleratu du. Lehenengo neurria, zerbitzu publikoak garatzea eta osasun sistema indartzea da. Ildo horretan, proposamen hauek egiten dituzte: Azken urteetan zerbitzu publikoetan emandako murrizketak atzera botatzea, %40ko behin behinekotasuna %6ra murriztea gutxienez, osasun sare pribatua zein bestelako azpiegitura pribatuak (hotelak…) osasun publikoaren esku jartzea berehala, pribatizazioak gelditzea, hezkuntza publikoan areagotzen ari den segregazioarekin eta arrakala teknologikoarekin amaitzeko, ikasle guztiei aukera berdintasuna bermatzeko neurriak hartzea (ordenagailuak, wifi-a kolektibizatu…), kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko baliabide nahikoa bideratzea eta zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta duina garatzea.

Gehiago