Zaska sareak gorroto diskurtsoen aurkako borroka indartzeko deia egin du

Nafarroako Zurrumurruen Aurkako Sareak mezu diskriminatzaileen normalizazioa salatu du eta elkarbizitzarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa berretsi du.

2025-ko martxoak 19

Zaska Zurrumurruen Aurkako Nafarroako sareak prentsaurreko bat eskaini du Iruñean bere lana eta gorroto diskurtsoen aurkako borroka aldarrikatzeko.

Bederatzi urte darama lanean Nafarroan, eta denbora guzti horretan Zaskak kolektibo sozialekin, udaletxeekin, erakundeekin eta herrialde osoko norbanakoekin egin du lan. “Eragile hauek guztiak konprometituak daude elkarbizitza eragotzi eta bazterkeria eragiten duten gorroto diskurtsoen eta zurrumurru arrazisten, xenofoboen eta aporofoboen aurkako borrokarekin”, adierazi dute.

Nafarren artean diskurtso mota honek eragiten duen kaltearen gaineko kontzientzia pixkanaka handitzen ari dela uste dute, eta lan egiteko beharra azpimarratu dute. “Kolektibo jakin batzuekiko arbuioa sustatzen duten mezu diskriminatzaileak ugaritu direla antzeman dugu, eta horrek gizarte polarizazioa eragiten du. Gure eguneroko bizitzan ohiko bilakatu dira egoera zaurgarrian dauden taldeen aurkako zurrumurru arrazistak, xenofoboak nahiz aporofoboak eta gorroto diskurtsoak” adierazi dute Zurrumurruen Aurkako Sareko kideek.


Diskurtso hauek nonahi normalizatu egin direla ere ohartarazi dute; eskoletan, erakunde publikoetan, auzo eta herrietan, komunikabideetan, sare sozialetan… “Horrelako mezuek, itxuraz kalterik sortzen ez dutela iruditu arren, gizarte-gatazkak sortzen dituzte, faltsukerietan eta nahaste okerretan dute oinarria eta beldurra eta mesfidantza elikatzen dute”, dio Zaska sareak.

Gorroto diskurtso hauen hedapena indargabetzeko, lehenbailehen esku-hartu beharra dagoela uste dute: “Ezin gara atzean geratu, zurrumurru hauek areagotzearen ondorioz, gure gizartean muturreko jarrerak are gehiago aldentzen ari direla ikusten dugun bitartean”.

Nafarroako Zurrumurruen Aurkako Sareak 2016az geroztik egin duen lana aldarrikatu nahi izan du. Nafarroa osoan zehar lan egin du, herrialde osoan formazioak eskainiz, informazio euskarriak sortuz, kalean ekintzak antolatuz eta laguntza sareak indartuz.

“Zurrumurruen aurkako Saretik lanean jarraituko dugu, kalean ekintzak antolatzen, informazio euskarriak sortzen eta prestakuntza saioak eskaintzen. Gure xedea aniztasunaren baitan elkarrizketa guneak eta topaguneak sortzea da, baita elkarbizitza oztopatzen duten gorroto diskurtsoak deseraikitzeko tresnak eskaintzea ere”, azaldu dute.

Horrez gain, Nafarroako herritarrak animatu nahi izan dituzte konponbidearen parte izan daitezen: “ZASKAk jarrera kritikoa duen gizartea eraiki nahi du, gure komunitatea ezaugarritzen duen aniztasuna onartzen eta baloratzen duen gizarte bat eta horrek dakarzkien aukerak probesten dakiena. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ZASKAren lanarekin bat egitera eta gorroto diskurtsoen aurkako borrokan modu aktiboan parte-hartzera”.

Gehiago