Zarraluki jaunari egiten utzi ez zizkidaten galderak

2014-ko martxoak 10

Pasa den otsailaren 25ean, Iruñeko Ingeniari Elkargoan, Nafarroako AHTren inguruko hitzaldia burutu zen, nafar gobernuko egungo Sustapen eta Etxebizitza sailburua den Luis Zarraluki hizlari aritu zelarik. Ondorengo galdera saioan, behean sinatzen duena Zarraluki jaunari galdera batzuk pausatzen saiatu zen, baina azken honek zakarki moztu zion, gero moderatzaileak berak eta azkenik ingeniariek osatzen zuten publikoak oihukatuz, galdetzeko ahalegina erabat galarazi zuten.

Hitzaldi horretan zanpatuta izan zen adierazpen askatasunaren eskubideari eutsiz interesatutako jendeak galdera horien edukina ezagut dezan, nere jardunaren nondik norakoak azalduko ditut.

Barcenasen paperak argitara atera direnetik AHT ustelkeriarekin zuzenki lotuta dagoen ustea erabat barreiatuta dagoela esanaz hasi nintzen. Izan ere, poterean dagoen klase politikoak lanak euren enpresa lagunei modu iruzurtian esleitzean komisio ezlegal franko poltsikoratu du. Nere arrazoinamendua nondik nora zihoan aurreikusiz, Zarraluki jaunak, aski urdurituta, Barcenas ez zuela ezaguten eta nere jarduera jokuz kanpo zegoela esanaz eten egin zidan. Hitza berreskuratuz, Nafarroako kasuari erreparatzeko asmoa aipatu nuen, egungo kontseilariaren profil profesionala aintzat hartuz. Arrapaladan kontseilariak zein moderatzaileak berriro eten egin zidaten, azken honek Zarraluki jaunarekin bere ibilbide profesionalaz galderarik ez zela onartuko hitzartua zutela esanez. Horren guztiaren inguruan xehetasun batzuk argitu beharra zegoela berretsi nuenean, entzule gehienak oihukatuz hasi ziren nere jarduna erabat galarazia izan zelarik. Sustapen eta Etxebizitzaren egungo kontseilariaren hainbat jardueraren inguruan populazioaren zati handi batek dituen zalantzak argitzea zen nere solasaren helburua, besterik gabe.

Arkitekturan lizentziatua den politikari honen ibilbidean atentzio gehien ematen duen kontua zera da: Lurralde – antolamendua, Urbanismoa eta Etxebizitza alorrean nafar administrazioan 17 urtez goi karguetan egon ondoren – 12 urtez zuzendari orokorra izanda- 2003 eta 2011 urteen artean eraikuntza sektore pribatuan jardun zela, zehazkiago, Larcovi taldean eta M.R.A.n. Garai hartan, bi enpresa hauek Etxabakoitzen proiektaturiko AHTren geltokia eta inguruko urbanizazioarentzako landa lurraren %35 eskuratu zuten. Krisi sakonaren aurrean, aurreko kontseilaria zen Astiz jaunak, 9000 etxebizitza eraikitzea suposatzen zuen AHTren geltoki berriaren egitasmoa “berrikusi eta egungo beharretara egokitu” behar zela esan zuen. Astiz kontseilaria karguan izan zen urtebetean, AHT geltokiaren egitasmoa kudeatzen duen Abiadura Handiko Partzuergoaren jarduera erabat moteldu zen – ez zen bildu ezta behin ere- egitasmo honen bideragarritasunaren inguruan zeuden zalantzak zirela eta.

2012ko ekainean, Yolanda Barcinak Luis Zarraluki Sustapen eta Etxebizitza kontseilari izendatu zuen. Bere lehen hitzak ezin argigarriagoak izan ziren: “AHTren eraikuntzak nafar ehun enpresariala suspertuko du”. Berehala, Etxabakoizko egitasmoa gauzatzeko Partzuergoa berpiztu zuen, aurten berpartzelazio plana bukatuko zutela esanez. Zarraluki jaunak zein Barcina andereak 2010ean onartu zuten egitasmoa bere osotasunean defenditzen dute, nahiz eta “epeak luzatu eta zatika egin”.

Horrenbestez, “ate birakari”en kasu berri baten aurrean gaude, zoritxarrez, nafar gobernuan bakarra ez dena. Erreparatu, bestela, Lourdes Goikoetxearen auziari. Ohikoegi bihurtzen ari den jarduera horrek administrazio kargudunei ahalbidetzen die lehenago edota ondoren lan egindako enpresa pribatuen interesaren arabera jokatzea. “Artaldea zaindu otsoa artzain jarriz” bezalako molde bitxia, inondik inora.

 

Nafarroako AHTren egitasmo irrigarria 60 km.ra mugatuko dela eta Reino Arena edo Urantziako zirkuitoren zulo ekonomikoa txiki utziko duela ikusita, zeintzu dira egitasmoa aurrera segitzeko interesak? Zergatik mantentzen da geltokiaren proiektua AHT haraino inoiz helduko ez den ustea gero eta nabariago den une honetan? Jarduera ilun horien bidez ez duzu uste ustelkeria susmoak elikatzen ari zarenik? Ez duzu dimisioa emateko beharra sumatzen?

 

Honetaz gain, Zarraluki jaunak Bateraezintasun Legea ere urratzen du, kontseilari karguduna den bitartean lan urbanistiko, berpartzelazio planak, lurralde- antolamendua eta gisako lanen koordinazioa eskeintzen dituen Urbenio S.L. enpresako administratzailea delako. Kontseilariak egin berri dituen deklarazio batzuen arabera, enpresa ez zuen bertan behera utzi gastu ekonomikoa suposatzen zuelako. Nere asmoa zen hitzaldira joandako pertsonen artean diru bilketa egitea – arazo ekonomiko larriak ez zituztelakoan bait nengoen- Zarraluki jaunak enpresa hori bertan behara uzteko eta horrela jarrera bitxi horren inguruko zalantzak uxatzearren.

Solasaldi horren ostean, kontseilari jaunari pausatu nahi nizkion galderak honako hauek ziren: Nafarroako AHTren egitasmo irrigarria 60 km.ra mugatuko dela eta Reino Arena edo Urantziako zirkuitoren zulo ekonomikoa txiki utziko duela ikusita, zeintzu dira egitasmoa aurrera segitzeko interesak? Zergatik mantentzen da geltokiaren proiektua AHT haraino inoiz helduko ez den ustea gero eta nabariago den une honetan? Jarduera ilun horien bidez ez duzu uste ustelkeria susmoak elikatzen ari zarenik? Ez duzu dimisioa emateko beharra sumatzen?

Erantzuteari uko egiteagatik eta bere lagun arkitektoari laguntza eskeini zion Ingeniari Elkargoaren jarrera korporatibistari esker galdera hauek guztiak airean gelditu ziren. Espero dezagun berandu baino lehen AHT deituriko arrazoigabekeria honen puntu ilun guztiak argitzea. Hala bedi.

Gehiago