Zaintzaren publifikazioa aldarrikatzeko urtarrilaren 26an greba deitu du ELAk
Azaroaren 17an egindako grebaren ondoren, ELAk berriz ere zaintza esparruko hainbat sektore grebara deituko ditu urtarrilaren 26an. ELAk adierazi duenez, greba dinamika mantenduko du "duintasunez zaindua izateko eskubidea bermatuko duen eta zaintzaileak zainduko dituen eredu bat erdietsi arte".
2021-ko urtarrilak 5
ELAk urtarrilaren 26rako greba orokorra deitu du lan merkatu formal prekarizatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Nafarroan grebara deituta dauden langile kopurua 5.000 pertsonetakoa da.
“Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatua. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?”, galdetzen du ELAk. Sindikatuak zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar dela azpimarratu du.
Pandemiak “jadanik agortutako zaintza ereduak” bere mugak inoiz baino argiago erakutsi dituela uste du ELAk. “Gogoratu nahi dugu gaixotutakoen herenak merkantilizatutako zaintza esparruan lan egiten duela edo bertako zerbitzua jasotzen duela. Zaintza eredu honek gaixotu eta hil egiten du. Ezinbestekoa da zaintza sistema desmerkantilizatzea eta horretarako grebara deitutako esparruen berehalako publifikazioa exijitzen dugu.
Bestealdetik, zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela dio ELAk, zaindu beharreko pertsonek “arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino”. Sindikatuaren hitzetan, zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua.
Datorren urtarrilaren 26an kalera aterako dituzten aldarrikapenak hauek dira: zaintza zerbitzuen publifikazioa; zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne; Euskal Herrian 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzea; sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza; zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita; lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez; langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko.