Zainketa aringarriak Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA/ELA) kasuan

2015-ko azaroak 11

Joan den larunbatean (azaroak 7) amaitu zen Madrilgo Puerta del Sol plazan AEA eritasuna duten erien Plataformak antolatutako ibilaldia, zeinaren bidez aldarrikatu nahi baitzen gaitzaren arrazoien ikerketa, sendabidea iristen ez den bitartean tratamendu eraginkorren bat aurkitzeko bederen, gaixotasunaren ondorio izugarriak apaldu eta erien bizi-itxaropena luzatzeko. Eritasuna jasaten dutenek bizitzeko eskubidea erreklamatzeko idatzitako agiri hunkigarrien bitartez, industria farmazeutikoei gaitza ikertzeko eskatzen zieten, eta politikariei behar diren neurriak jartzeko, ikerketa hori egin ahal izan dadin. Agiri haietan beretan, eskerrak ematen zizkieten erkidego bakoitzean AEA ikertzen ari diren profesionalen lantaldeei, egiten ari diren ahaleginagatik, jakinik askotan baliabide gutxirekin eta beren ekimen propioz ari direla.

Izan ere, AEA eritasun gogorra eta hilgarria da, gaur egun sendabiderik ez duena.

Horregatik, ELA eta gisa honetako eritasunen kasuan, zainketa aringarrien lantaldeek eriekin eta haien ahaideekin egiten duten lana izugarri garrantzitsua da.

NAFARROAKO ADELA elkarteak orain dela gutxi egindako hitzaldi batean, Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko zainketa aringarrien lantaldekoa den Elena Escalada sendagileak oso modu argian azaldu zuen zertan zetzan haien lana; azpimarratu zuen haien eginkizun inportanteenetako bat dela eriari bizitzen laguntzea, haien xedea baita gaixoaren bizi kalitatea hobetzea gelditzen zaizkion hilabete edo urteetan, eta saiatzen direla eri dagoenari ez ezik haren familiari ere laguntzen hiru arlo hauetan: psikologikoan, materialean eta medikoan.

Gaur egun sendabiderik ez duten ELA bezalako eritasun gogorretan, bai eriak bai haren ahaideek zerbitzu hori eduki beharko lukete diagnostikoa egiten den unetik beretik, inorentzat ez baita batere erraza onartzea halabeharrak jomugan harrapatu gaituela zoritxarrez eta zereginik ez dagoela, eta gaitzari behar bezala aurre egiteko gai ez izateko arriskua dago, putzu ilun batean amiltzeko, aprobetxatu gabe gelditzen zaigun denbora, bizitzeko, partekatzeko, disfrutatzeko… Eri dagoen pertsonak eta bere ingurukoek kalitatezko arreta jasotzeko eskubidea izan beharko lukete; funtsezko eskubidea izan beharko luke, eta unibertsala, behar duen orori eman beharko litzaiokeena.

Profesional horien zerbitzuak tamalez jaso behar izan ditugulako halako zaintzaileen laguntza edukitzeko suertea izan dugunok badakigu familia babesturik sentiarazten dutela; zainketa aringarrietan ari diren langileek konfiantza eta segurtasuna transmititzen dute, badakitelako zer behar duen gaixorik dagoenak. Hortxe egoten dira, behar den unean, pertsonari kasu egiteko merezi duen bezala, erosoago eta ilusio handiagorekin bizitzen laguntzeko.

Eta azken ordua iristen denean, heriotzari aurrez aurre begiratzen laguntzen digute, lasaitasunez, soseguz eta duintasunez.

Zainketa aringarrien zerbitzuak azken atea igarotzeko bidean lagun egiten digu, heriotza onartu ondoren, errespetu osoarekin. Eriarekin hitzartzen du nola erantzun behar dioten haren behar fisiko eta psikologikoei, erizaintzako zainketen eta laguntza medikoaren bidez. Eriak erabakitzen du nola nahi duen izatea igarobide hori: "Zuk nahi duzuna eginen dugu, nahi duzunean eta nahi duzun bezala, elikadura, analgesia, sedazioa… Zurea da une hori, igarobide hori, eta zuk agintzen duzu".

Zainketa aringarrien lantaldea osatzen duten sendagilea eta erizaina "etxera" ailegatzen dira, eriak eta bere familiak bere bizitzako azken kapitulua bere "etxean" izatea nahi badute.

Gelan kanta baten doinua aditzen da, eta, elkar agurtu ondoren, eriak honela dio: "Ze kanta ederra!" Sendagileak fonendoa kendu, eta eskua hartzen dio: "Denok aditu behar dugu zuri hainbeste gustatzen zaizun kanta hau".

Kanta goxoa da, atsegina, esanahi berezia duena… Amaitzean, erizainaren ahotsa entzuten da: "Zoragarria! Izugarri gustatzen zait".

Gero, baimena eskatzen diote: "Jarraitzen ahal dugu?", eta osasun azterketarekin segitzen dute: "Zer moduz zaude gaur?"

Oso ona da amaierako igarobide hori modu duinean egitea, oinazea eta despedidaren itolarria hor egonagatik.

Zainketa aringarrien lantalde guztiei, San Juan de Diosekoei bereziki, gure esker ona.

Gehiago