ZADera brigada berri bat antolatu dute “Euskal Herria Zadista” batzordetik
Datorren martxoaren 24tik goiti, Notre-Dame-des-Landesko ZADera topaketa, elkartasun eta auzolan brigada antolatua izanen da, Bretainiako eta Euskal Herriko kolektiboen eskutik. Besteak beste, Ambazada nazioarteko eraikinaren obrek aitzina segituko dute. Egonaldi horretan, euskal eta bretoindar gaien inguruko hitzaldi, bilkura eta festak iraganen dira ere.
2018-ko martxoak 1
Lehen denbora batean, brigada honek aste batekoa izan behar zuen, baina apirilaren 8a arte luzatua izanen da, ZAD kanporatzeko Edouard Philippe lehen ministroak hitzeman duen mehatxuari aurre egin eta Ambazada eraikinaren auzolana bizkortzeko.
Brigada honen prestatzeko eta ZADen sustengua segitzeko, bilkura irekia antolatua izanen da martxoaren 7an, 6:30etan Baionako Epaiska lokalean (Pannecau karrikan).
Joan den otsailaren 22an, hondakin nuklearrak lurperatzeko hautatua izan den Bure-ko eremuaren kanporaketa “lan munduaren, ikasleen eta errefuxiatuen kontrako testuinguru sozialaren gogortze logikan sartzen” dela salatu dute ekintzaileek. Tupusteko operazio honen bidez, Macron-en gobernuak “maniobra politiko bat saiatu du, Notre-Dame-des-Landesko aireportuaren proiektuaren uzteak ez ditzan, nonahi, erresistentzia gogoak bizkortu”.
“Ikuskizun antolatu baten bidez, Notre-Dame-des-Landesen bezala, uxatu beharreko “zadista gaixto aurpegi-estalien” eta herritar bakezale zintzoen arteko bereizketa egin nahi izan dute, azken hauei beren kausak aitzinarazteko ekinbide legaletan muga daitezela ulertaraziz. Eta 2012an Notre-Dame-des-Landesetan gertatu bezala, poliziaren gibeletik bulldozerak bidali dituzte, bizilekuak suntsituz eta jendeari beren puskak biltzeko denborarik ez emanez. Oraingoan, bi militante presondegiratuz”, nabarmendu dute.
Baina Notre-Dame-des-Landesen bezala, “diskurtso eta metodo gihartsu horiek” ez dute Bure aldean ere funtzionatzen, “hango borroka anitza eta bateragarria delako”, eta Lejuc oihanera berriz sartu direnak proiektuaren kontra diren elkarte guztien sostengua dutela ziurtatzen dute.
Kanporaketak ukatu, ZADeko biztanleak defendatzen segitu
Notre-Dame-des-Landesen, aireportutik at, borroka honek “sistema produktibista eta teknokratikoa” zalantzan jartzen ditu. Azken hamar urte hauetan, ZADen, “bazterketa soziala, ingurugiroaren funditzea eta aldaketa klimatikoa dakarten sistema kapitalistatik kanpoko beste esperientzia eta logikak” hazi dira. Esperientzia hori ezagutzeko eta aurrera eramaten laguntzeko antolatu da aipatutako brigada berri hau. Izena emateko, ehzadista@yahoo.com edota pb.nddl@gmail.com helbide elektronikoak erabili daitezke.