YALA Nafarroak Palestinako herriaren alde mobilizatzen jarraituko du

YALA Nafarroa Palestinarekin ekimenak agerraldia egin du, Palestinako herriaren aldeko hurrengo mobilizazioen berri emateko. Nafarroako gizarteak kalera ateratzen jarraitzen duela adierazi dute, kaleko ekintzak antolatzen eta lan instituzionala egiten Israelgo estatu genozida geldiarazteko.

2026-ko otsailak 10

Yala Nafarroak otsailaren 21eko mobilzazioa iragarri du. Arratsaldeko 17:00ean Antoniutitik abiatuko da manifestazioa, Palestina jasaten ari den genozidioaren amaiera eskatzeko. Aurretik egindako mobilizazioak aipatu dituzte egindako agerraldian: “2025ean, Iruñean bakarrik 5 manifestazio egin genituen, 117 hitzaldi eta solasaldi, parlamentuan aurrera atera ziren 3 mozio aurkeztu genituen eta 80 udalek baino gehiagok onartzea lortu genuen. Kongresuetara joan ginen EHUn Bilbon, Bartzelonan, Madrilen, Vienan, Londresen, Atenasen. Jardunaldi juridikoak antolatu genituen NUPen eta lan instituzionala egin genuen Nafarroako udaletan erosketa etikoaren araudia aplikatzeko. Dabke talde bat ekarri genuen zuzenean Palestinatik eta gure geografiako hainbat tokitara eraman genuen.”

Abenduaren 2an Nafarroako Parlamentuaren urrezko domina eman zieten, baina ez zuten onartu; azaldu dutenez, hurrengo egunean Nafarroako Gobernuak M.Torresi ere domina eman bait zion, Israelgo armadak erabiltzen duen F 35 gerra-hegazkina fabrikatzen duen enpresari, alegia.

YALAk elkartasun aktiboko kanpainaren bidez, talde eta pertsona solidarioen dohaintzak biltzen jarraitu dutela azaldu dute; horiek zuzeneko laguntza bihurtu bait dira palestinarrentzat, eta azaldu dute horiekin 20 urte baino gehiago daramatatela lanean. Gainera, Majed Dibsiri ahotsa eman nahi izan diote, kontraparte horien egoera azaltzeko, eta salatu dute, hain zuzen ere, kontraparte horiek, Palestinako ezkerrekoak, direla gogorren erasotzen ari direnak, bulegoak suntsituta dauzkatenak eta langile asko atxilotuta edo espetxeratuta dauzkatenak. Eta gogorarazi dute Zisjordania eta Jerusalen ere garbiketa etnikoa jasaten ari direla sionismoaren aldetik.

Yala Nafarroak Palestinarekin argi utzi du herri palestinarrarekin jarraitzen duela. Eta otsailaren 21eko manifestazioaz gain, iragarri dute ere “Udaberria Palestinaren alde” ere eginen dutela: martxoak 30 Lurraren Eguna, apirilak 17 presoen alde eta maiatzak 16 Nakbaren oroitzapena izanen dira.

https://x.com/AhotsaInfo/status/2021347115256230201: YALA Nafarroak Palestinako herriaren alde mobilizatzen jarraituko du

Gehiago