Xabier Terreros eta Julio Soto, Nafarroako Bertsolari Txapelketarako finalaurrekora
Martxoaren 18an Beran eta 19an Antsoainen jokatuko dira finalaurrekoak.
2017-ko otsailak 20
Martxoaren 18an Beran jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu zuen Julio Sotok Tafallako Kulturgunean.
Giro beroz bete zen Tafallako Kulturgunea, 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko. 150 bertsozale ingururen aurrean aritu ziren Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman. Azken horrek lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean. Sei bertsolarien agurrek eman zioten hasiera aurtengo txapelketari. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak.
Saio puntugarriaren ostean, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien, 343,5, eta hortaz, martxoaren 18an Beran jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu ziren Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman.
Bestetik, ehun bertsozale inguru elkartu ziren igandean Auritzeko Kultur Etxean, bigarren final-laurdena jarraitzeko. Horien aurrean aritu ziren kantuan Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Ioar Tainta, Alazne Untxalo, Patxi Castillo eta Joana Ziganda. Lehen parte hartzea izan du txapelketan Zigandak. Iker Mundiñano aritu zen gai-jartzaile zereginetan.
Saio puntugarriaren ostean, Xabier Terrerosek eskuratu zuen puntu gehien, 321,5 , eta hortaz, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza, Patxi Castillo, Alazne Untxalo, Ioar Taina eta Joana Ziganda.
Zuzenean sailkatu ez diren 10 bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30tatik.