VIII. “Zama doinuz arindu” festibala zapore goxoa utzi zuen Etxarrin
Atzo ospatu zen Etxarri Aranatzen euskal preso eta iheslarien senideei elkartasuna adierazteko musika festibala. Ahotsa.info eta Hamaika TBk laster bere osotasunean eskainiko dute.
2023-ko urtarrilak 16
8 urtez arindu dute preso eta iheslarien senideen zama antolatzaileek, musikariek eta parte hartu duten pertsona guztiek. Aurtengo kartelak ere igarri zezakeen arratsalde ederra izango zela eta hala baieztatu zen. Kalakan, Lorelei, Nogen, Olaia Inziarte, Kerobia, Iñigo (ETS), Tatxers eta Jon Maia, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde oholtzara igo ziren eta haien doinuekin zamaren motxila arin zuten.
“Doinuz, malkoz, pozez, tristuraz, elkartasunaz eta maitasunaz arindu genuen gehiegi luzatzen ari den urtetako sufrimendua”, erran dute antolatzaileek atzokoa baloratuz. “Gustura esanen genuke aurtengo Zama izan dela azkena. Baina, azkena izanen ez bada ere, pozgarria da eta eskertzekoa da Etxarri Aranatz bezalako herri txiki batean, zeinetan gaur egun lau herritar dauden preso, honelako elkartasun jaialdi bat antolatzeko “Zama” lan taldeak jarritako ahalegina, dedikazioa eta maitasuna”, gehitu dute.
Ziur datorren urteko emanaldiari begira laster jarriko direla lanean, baina bitartean, Ahotsa.info eta Hamaika TBko kazetariek lan egingo dute aurtengoaren irudiak hemendik gutxira etxe guztietara eramateko. Gainera, eta sakabanaketarekin amaitzen ari den honetan, ia euskal preso politiko guztiek festibala ikusteko aukera izanen dute.