VII. Bilgune Orokorra ospatu zuen asteburuan Ernai gazte antolakundeak

Ikasturte berriko erronken gakoak barneratu eta hainbat arlotan formakuntza jasotzeko, ehunka gazte bildu ziren pasa den asteburuan Ernairen Bilgune Orokorrean. Koiunturak baldintzatutako ikasturtea izan arren, gazte borroketan zein aldarri independentistan egin beharreko ekarpena jarri dute erdigunean.

2019-ko irailak 23

Ehunka gazte bildu ziren pasa den asteburuan Ernairen VII. Bilgune Orokorrean, elkartu, ikasturte berriari begira kokatu eta formakuntza jasotzeko asmoz. Hiru egunez luzatu zen bilgunean Euskal Herriko hamaika txokotako gazteak bildu ziren. Formakuntzaren arloan, hainbat afera izan zituzten eztabaidagai: larrialdi klimatikoa, LGTBIQ+ borroka, etxebizitza problematika… guzti horien inguruan hausnartu eta gazte eremutik egin beharreko ekarpenaz mintzatu ziren.

Erronkaz beterik datorkie ikasturte berria. Alde batetik, koiuntura politikoak baldintzatutako hilabateak datozela adierazi dute gazte antolakundeko kideek. Lehinik, Herrialde Katalanetan eman daitezkeen gertakizunak azpimarratu dituzte gazteek. Bigarrenik, azaroaren 10ean ospatuko diren hauteskunde espainiarren garrantzia azpimarratu dute: “Azaroaren 10eko hauteskundeetan ere mezu argi bat iritsiko da Madrilera: bozka abertzalearen gorakada. Ernaiko kideok borroka hauetan izango gara, elkartasuna esku batean eta Euskal Herriko prozesua elikatzeko planteamenduak bestean. Sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen aldarri independentistari gazte ekarpena egiteko eskaintza luzatzera goaz ikasturte honetan”.

Bestalde, Gazte Mugimenduaren baitan hainbat ekimen eta mugarri datozela gogorarazi dute: urrian EHko neska* gazteen topaketak Lizartzan eta EHko V. Jardunaldi feministak azaroan, mugimendu prekarioaren eta mobilizazioak edota gazte prekarizatuak saretzeko helburua duten Bizkaiko gazte langileen jardunaldiak, euskalgintzak abenduak 3rako iragarria duen planteamendua, gazte sortzaileen lana, hezkuntza eremuko planteamendu eta borrokak…

Gatazkaren ondorioen konponbidean egin beharreko gazte ekarpenaz ere argipenak eman ditu Ernaik: “11/13 makroepaiketaren harira adierazi bezala, preso, iheslari eta deportatuen auziari irtenbidea emateko herri bultzadan kokatzen dugu gure burua eta norabide horretan arraun egitera goaz”. Euskal Herria “iraganean katramilatuta” nahi duen estrategia mediatiko eta plitikoari erantzuteko irmotasuna ere adierazi dute gazteek.

Ikasturteari heltzeko gogoa eta indarra azpimarratu dute. Ongi etorria eman diete gazte antolakundera batutako ehundik gora kide berriei eta euren zikloa amaitu dutenei eskerrak eman. Azkenik, Euskal Herri askea eraiki nahi duen gazte orori Ernairen ateak zabalik dituela adierazi diote.

Gehiago