Vicarliko langileek kaleratzeak eta erabateko ziurgabetasuna salatu dituzte
2024-ko irailak 24
Dagoeneko bost langilek jaso dute kaleratze-gutuna, eta datozen egunetan gehiago kaleratuko dituzten beldur dira. Langileek salatu dutenez, oso harreman txarra dute enpresarekin, eta nabarmena da konpainiako langile guztien egonezina. Inbertsio-funts batena den enpresa berehala saldua izateko zain dago.
Nafarroako Vicarliko enpresa batzordeak, LAB, ELA, CCOO eta UGTko ordezkariek osatua, “enpresaren noraeza” salatu du. “Enpresaren berehalako salmentak – gaur egun GPF Capital inbertsio-funtsaren jabetzakoa da- langileak dagoeneko ordaintzen ari diren erreakzioak” eragin dituela ohartarazi dute.
Azken egunetan, bost langilek jaso dute kaleratze-jakinarazpena, eta langileen batzordeak salatu duenez “enpresak ez du inolako elkarrizketarik edo konponbiderik bilatu kaleratzeei ekin aurretik”. Langileen ordezkaritza sindikalarentzat “konpainiak erabateko despotismoa eta totalitarismoa erabili ditu, eta langileen artean prekaritate, ziurgabetasun eta giro txar orokortuaren sentsazioa sortu du”.
Enpresa-batzordeak dio ez duela ezer ulertzen. “Enpresak ez die langileei entzun nahi izan, ezta alternatibak aztertu ere, eta ez du beste aukerarik baloratu. Konpainiak arrazoi objektiboak argudiatu ditu, eta kaleratzeagatiko gutxieneko kalte-ordaina eskaini die kalean utzi dituzten langileei”.
Gainera, datozen egunetan kaleratze gehiago izatea espero da, eta horrek, ia ziurtasun osoz, Beriaingo lantokia ixtea ekarriko du. Horregatik, foru erkidegoko enplegua defendatzeko eskatu nahi dio Nafarroako Gobernuari “beste edozein interesen aurretik langileak jarriz”. Era berean, gardena izan dadila eskatu dio batzordeak enpresari, sindikatuokin hitz egin dezala eta gure eskaerei erantzun diezaiela.
Kaleratutako langileen profila
Vicarlik kaleratu dituen langileak esperientziadun profesionalak dira eta beren lanarekin konprometituta daudela ziurtatu dute sindikatuek. Enpresa batzordeak salatu du langileak kaleratzen ari dela, saldua izaterako orduan konpainia erakargarriagoa izan dadin.
Hori dela eta, enpresa batzordea osatzen duten lau sindikatuek enpresari jakinarazi diote plantilla eta sindikatuek borrokari ekingo diotela enpresaren noraezak bide horretatik jarraitzen badu.