Uztailean hasiko da Auzitegi Nazionalean euskal independentismoaren aurkako azken makrosumarioaren epaiketa

13/13 sumarioko auzipetuek duela 11 urte atxilotu zituzten Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin zuten harremanagatik, eta orain euren kontrako 77 urteko espetxe zigor eskaerak egiten ditu Auzitegi Nazionalak. Epaiketa uztailaren 12an hasiko da.

2021-ko maiatzak 4

Gure aurkako sarekada egin zenetik hamaika urte beteko dira egunotan. Gure etxeak eta bulegoak hankaz gora jarri, goitik behera miatu eta atxilo inkomunikatu gintuzten; bost egunez galdekatu eta gutako hainbatek tortura larriak jasan genituen; Entzutegi Nazionalak hamahiru inputatu gintuen.

Zortzi gara datorren uztailaren 12an Espainiako Entzutegi Nazionalean auziperatu gisara epaituak izango garenak: Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi.

Fiskaltzak denontzat 77 espetxe urte eskatu ditu.

Operazio poliziala testuinguru politiko oso zehatzean gertatu zen: Ezker Abertzalea bete-betean zebilen konfrontazio armatutik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten, beti ere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea bilatzen zelarik. Baina bultzada politikoa izan zuten hainbat polizi operazio eman ziren garai horretan: Bateragune deiturikoa eta beranduxeago Herriraren aurka egindakoak, adierazgarrienetakoak.

Euskal preso politikoen afera konponbiderantz norabidetzeko harreman zuzena eta bete-beteko lana behar zirela gauza jakina zen. Gu, modu aktiboan murgildurik genbiltzan Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktiboa izan zedin. Hor kokatu behar da operazio poliziala, asmo horiek zapuzteko saiakera gisa. Operazio hartan estatu espainoleko estolda aparatuek noraino iristeko prest ziren erakutsi zuten: babes legalik gabeko CNIaren inplikazioarekin, frogen manipulazioarekin, oinarrizko eskubideen urraketekin, tratu txar eta torturekin.

Hamaika urte geroago esan dezakegu Kolektiboaren ekarpena erabakigarria izan dela egungo agertokira iristeko. Inor gutxik jar lezake zalantzan bere erabakitasuna eta ekarpena, bide horretan etengabeko zangotrabatzea jasaten ari den arren.

Baina hamaika urte geroago, zoritxarrez, gatazkaren ondorio ugarik konponbiderik gabe jarraitzen dute, denboran luzatzen eta lokazten, sufrimendua eta samina eragiten. Atxiloketak, auziak, kondenak eta espetxeratzeak. Eta estrategia honen guztiaren ardatza Entzutegi Nazionalean oinarritzen da, berak segitzen baitu izaten iraganari kateatuta eusteko salbuespenezko tresna. Egoera politiko berriarekiko elementu deformatzaile eta baldintzatzaile izateko xede garbiarekin. Garaiko “ezpata hotsak” egungo “toga hotsak”.

Berriki Mikel Zabaltzaren hilotza ur azalera berragertu da. Harekin, ETAren esku liburuaren teoria Bidasoako uretan hondoratu da. Bitartean, torturatuen errolda zabaltzen eta errekonozimendua eta erreparazioa zorretan.

Hamaika gertaera izan da gure aurkako operaziaz geroztik: hamaika urte hain justu ETAren ekintza armatuak eten zirela. Bost urte, ETAk bere jardun osoa amaitzea erabaki zuela. Artean, euskal jendartean gatazkaren ondorioen eremuan urratsak aurreratzen joan dira. Herriraren aurkako epaiketa ere egin zen, babes sozio- politiko zabalarekin eta auzipetu guztiontzat irtenbidea lortuz.

13/13 auzia testuinguru honetan dator: denboraz eta lekuz kanpo seguru, inoiz denbora eta leku barnean egoterik baluke. Presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia da; gatazkaren ondorioak, guztiak, argitu eta orbainak ondo ixten saiatzeko denbora da, auzi politikoari oinarritik heltzeko unea da; euskal gizarteari, askatasunari, demokraziari aukera berriak irekitzeko etapan gaude; euskal jendarteak behar duen elkarbizitza demokratikoaren esparrura irits gaitezen.

Hori izango da gure ekarpena. Agertoki berriaren aldeko apustua sendotzea.
Irtenbidera, Demokrazia, Etorkizuna.

Gehiago