Uztailaren 3an euskal preso politikoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko manifestazio bat antolatu dute Txantrean

Txantreako hainbat elkarte eta eragileek bat egin dute preso gaixoak eta adinekoak etxeratzea, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak kaleratzea eta euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eskariekin.

2020-ko ekainak 27

Euskal preso politikoek hamarkadak daramatzate hainbat motatako erasoak, salbuespen egoerak eta Herri bezala zapaltzen gaituen Estatu ezberdinengatik mendekuan oinarritutako zerrenda luze bat pairatzen. Guzti honen barruan, dispertsioak ere berebiziko garrantzia dauka. Presoa senide eta lagunengandik gehiago urruntzea eta bakartzea helburu izateaz gain, ehunka kilometro egin behar dituzten horiek errepidean arriskuan jartzen dituelako.

Urte luzez espetxe politikaren eraginak jasateaz gain, mundu mailako birusak sortu duen alarma egoera honek, askoz gehiago areagotu ditu presoek bizi dituzten baldintza gogorrak. Testuinguru honetan kokatu dute Txantreako bizilagunek auzokidea den Patxi Ruizek maiatzean hasitako muturreko borroka. “Euskal Herrian alarma egoera Covid 19 baino lehen bazegoela bergogoratzeaz gain, bere autuak, barrenak nahasi dizkigu”, azaldu dute.

Espetxean bizi den egoera amaitu beharra dela azpimarratu dute. “Aski da zama guztia barruan daudenen gainean jartzeaz eta egoera hau, preso daudenen senide edota lagunek bakarrik bizitzeaz. Auzo osoaren elkartasuna, konpromisoa eta erantzuna beharrezkoak dira bidegabekeri guzti hauei erantzuteko”.

Horregatik, Txantreako errepresioaren kontrako taldeak, Txantreako preso ohiak, Txantreako presoen senideak, Lubaki kolektiboak, Txantrea Memoriak, Txantreako talde feministak, Karrankak, Ernai Txantreak, Txantreako jai batzordeak, Txantreako asanblada okupak, Txantreako Ikasle Abertzaleak, Auzotegiko talde eragileak, Bernart Etxepare ikastolako Apymako juntak, Kaskallueta kultur elkarteko juntak, Peña Armonía Txantreanako juntak, Akelarre kultur elkarteak, Artzara elkarteak, Sarteneko elkarteak, Txantreako Zanpantzar taldeak, Tx Trailek eta Txantreako Sokatira taldeak uztailaren 3an 19.00etan mnifestazio bat deitu dute “EUSKAL PRESO POLITIKOEN ALDE, GUREA DA LEKUKOA!” Lelopean. Irubide Parkean hasiko da martxa, eta aldarrikapenak hauek izanen dira: Espetxe ezberdinetako zuzendariek, bertako medikuek eta hainbat kartzelariek presoekiko duten jarrera oldarkorrari amaiera ematea, preso gaixoak eta adinekoak etxeratzea, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak kaleratzea eta euskal preso politikoak Euskal Herriratzea.

Eskari hauek euskal preso politikoek eta hauen senide eta lagunek bizi duten egoeraren konponbidearen lehenengo pausua izan behar direla gehitu dute.

Gehiago