Uztailaren 10ean, manifestazioak Bilbo eta Donostian 13/13 makrosumarioaren epaiketaren aurka

13/13 makrosumarioan auziperatutako lagunek eragile politiko eta sozialekin egin dituzten bileren berri eman dute, eta uztailaren 10an Bilbon eta Donostian eginen diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.

2021-ko ekainak 14

Podemos, PSE, EH Bildu, EAJ, LAB, UGT, ELA, Arartekoa (CCOOrekin eta Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko arduradunekin hitzordua jarrita dituzte).

Egindako bileretatik, nahiz eta talde bakoitzak bere nabardurak dituen, ondorio hauek atera dituzte auzipetuek:
Alde batetik, epaiketa honen inguruan gertatu diren “oinarrizko eskubideen urraketa larriak” egiaztatu dituzte, hala nola tortura salaketa larriak eta CNIren dokumentuak desklasifikatzeari uko egitea, adibidez.

Bestetik, epaiketa honek zeri erantzuten dion erantzuna bilatzerakoan, auzipetuen hitzetan “eragile horietako inork ez zukeen imajinatuko Aieteko Konferentzian, ziklo berri bat ireki eta hamar urtera, oraindik ere hitz egiten jarraituko genukeela eta horrelako epaiketa bati heldu beharko geniokeela”. Egoera horiek “gainditutzat” jotzen ziren eta “gaur egun benetako oztopoa dira demokrazia- eta bizikidetza- esparru baten eraikuntzan aurrera egin ahal izateko”.

“Azken batean, gure ustez, bat egiten dute euskal gizartearen eta herri honetako eragile politiko, sindikal eta instituzionalen pertzepzioak eta sentsazioak epaiketa honek dakarrenari buruz. Badirudi sektore batzuk erosoago daudela iraganeko agertokietan, eta beren esku dagoen guztia egingo dutela egungo egoera politikoa desitxuratzeko eta desegonkortzen saiatzeko, eta ez dutela inolako erreparorik izango horrelako egoerak baliatzeko, epaiketa zehatz hau barne”, adierazi dute auzipetuek.

Epaiketa honek ekar diezazkien ondorio pertsonaletatik harago eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional guztiei dei egiten diete beren desadostasuna agertzeko eta epaiketa honen aurka mobilizatzeko “estatu barruan oraindik existitzen diren lobby horiek galdu egin dezaten iraganeko eta jada gainditutako egoerak berriro birsortzeko itxaropena”.

Mobilizatzeko aukera uztailaren 10ean izanen da. ‘13/13 epaiketari ez. Irtenbidera’ lelopean deituko manifestazioak Donostian (12:00etan Saguesetik) eta Bilbon (12:00etan Jesusen Bihotzetik) izanen dira.

Gehiago