Urtarrilaren 9an Nafarroako 70 herrietan izanen dira euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak
Urtarrileko 9an Euskal Herriko txoko guztietan eginen diren euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioen berri eman du gaur Sare Herritarrak Bilbon egindako prentsaurreko batean. Osotara, Euskal Herriko 216 herrietan izanen dira ekimenak, eta Nafarroan 70 udalerrietan.
2020-ko abenduak 29
“216 herritan, egun berean, ordu berean eta irakurketa beraren baitan antolatutako ekimen parte hartzaile eta handienetakoa izango da, beraz, aurtengo urtarrilean Sarek antolatutako mobilizazio erraldoia”, dio Sarek. Horrez gain, urtarrilaren 9an goizeko 11.30etan Bilboko Euskaldunan alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak batuko dituen ekitaldia antolatzen ari direla jakitera eman dute, azken urte eta hilabeteetan lau eremu hauetan agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde emandako urratsak balioan jartzeko.
Herrietan aurrera eramango diren mobilizazioak oso anitzak izanen dira formatoaren ikuspuntutik: giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… Dena den, guztietan “argiztatutako bidea” irudikatzeko formulak bilatuko dituzte, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkiak izanen dira, eta gero sare sozialetan elkarbanatuko dira. “Herri guztiak eta bertan batutako pertsona guztiak bat egingo dugun une berezia izango da, eta baita, iparraldeko kideekin bat egingo dugun unea ere, Baionan ere argiztatuko baitute bidea”, dio Sarek.
Aurtengo mobilizazioetan zabalduko diren bi aldarri nagusiak gogoratu ditu Sarek: Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea euskal preso politiko guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekarriz, eta bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzea. Sarek balioan jarri nahi izan ditu azken asteetan izandako presoen mugimenduak, Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara lekualdatuz. Baina gogoratu du presoen eskubidea dela Euskal Herrian egotea. Bestetik, oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, espetxe erregimen gogorrenean.
“Horregatik, datorren 2021. urte berria, salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea eskatuko dugu herriz herri”, dio Sarek. “Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu”, gogoratu dute.