Urtarrilaren 31ean faxismoaren aurka “emakume langileak lehen lerroan” egotera deitu du Itaiak
GKSk deitutako mobilizazioekin bat egin du Itaiak. Azaldu dute "agenda faxistak emakume langileen zapalkuntza areagotu" nahi duela "indarkeria matxista ukatuz, balio tradizionalak defendatuz eta emakumeen eskubide kolektiboen aurka eginez". Beharrezkotzat jo dute "faxismoaren kontra langile-klasearen fronte bat eratzea eta emakume langileak lehen lerroan egotea, baita faxismoa indartu duen oligarkiari aurre egitea ere".
2026-ko urtarrilak 16
Iruñean egin dute agerraldi bat hainbat emakumek, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, “emakume langileak faxismoaren aurrean lehen lerroan gaudela adierazteko”. Ohartarazi dute faxismoak “langile-klasearen aurkako agenda erreakzionarioa nahiz autoritarioa defendatzen” duela, “emakume langileon aurkako agenda” barne. Horiek horrela, ezinbestekotzat hartu dute, batetik, faxismoaren kontra “langile-klasearen fronte bat eratzea eta emakume langileok lehen lerroan egotea”; eta, bestetik, “faxismoa finantzatu eta indartu duen oligarkiari aurre egitea”, baita “bere agenda inperialistari” ere.
“Aurreko hamarkadetan Europako estatuetako alderdi nagusi guztiek demokraziaren eta berdintasunaren aldeko diskurtsoak zabaldu bazituzten ere, urteak pasatu dira eta milaka eta milaka emakume langileren zapalkuntzak bere horretan dirau”, salatu dute GKSk eta Itaiak. Eta horren hainbat erakusle aipatu dituzte: “Lanaren banaketa sexuala, lan-baldintza prekarioak, emakume etorkinen esplotazioa, erasoak, bortxaketak, erailketak eta abar luze bat”. Nabarmendu dute, hala, “estatu kapitalistak emakume langileon zapalkuntzatik elikatzen jarraitzen” dutela, eta alderdi politiko instituzionalek ez dutela “emakumeon askapenik ekarri”.
Joera matxisten indartzea
Oldarraldi faxistaren ikur nagusietako bat emakumeen aurkako joera matxistak direla azpimarratu dute. Adibidez, “emakume langileon aurkako gorroto-mezuak zabalduz influencer misoginoen bitartez, edo balio tradizional eta kontserbadoreen defentsa eginez, emakumea gizonen menpeko gizakia dela aldarrikatzeko”. Gainera, faxismoak “emakumeon eskubide kolektiboen aurkako politikak” ezarri nahi dituela nabarmendu dute bi antolakundeek, abortuaren aurkako neurriak edo indarkeria matxistari erantzuteko legearen kontrako neurriak kasu. “Genero-ideologiaz hitz egiten dute, emakumeon zapalkuntza asmakuntza ideologikoa balitz bezala, eta, bitartean emakumeon eskubideen aurkako ideiak eta politikak aplikatu nahi dituzte”, laburbildu dute.
Migranteen aurkako mezuak zabaltzeko indarkeri matxistaren kasuak erabiltzea ere salatu dute. “Egunerokoan gertatzen diren eraso matxista guztien aurrean beste aldera begiratzen dute” ez bada eraso horiek etorkinek egindakoak direla. “Emakumeon salbatzailetzat jarri nahi dute beraien burua”, salatu dute. “Soilik mezu arrazistak zabaltzeko balio dieten erasoak salatzen dituzte. Beraien asmo bakarra langile-klaseko sektore zaurgarrien aurkako gorrotoa zabaltzea da, etorkinak kriminalizatzeko eta polizia-indarren presentzia areagotzeko”.
Urtarrilaren 31ean, kalera
GKSk eta Itaiak urtarrilaren 31ean kalera ateratzeko deia egin dute Bilboneta Iruñean eginen diren manifestazioetan parte hartuz. “Kalera ateratzea eta faxismoaren aurrean indar-erakustaldia egitea behar-beharrezkoa da”, aldarrikatu dute agerraldian: “Estatu kapitalistetatik aplikatzen ari diren langileon aurkako agendaren eta neurri autoritario zein inperialisten aurrean, langileon euste-horma bat eraiki behar dugu, eta emakume langileok borroka horretan lehen lerroan gaude eta egongo gara”.
