Urtarrilaren 30ko greba erregistratu dute irakaskuntzako sindikatuek

"Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu", adierazi dute sindikatuek.

2025-ko urtarrilak 15

Sindikatuek maiz adierazi duten bezala, 2024-2025 ikasturtea konfrontazioz beteriko kurtsoa izan eta izanen da euren aldarrikapenak kontutan hartu ezean. Joan den iraileko eta urriko grebek ez dute erantzun egokia jaso eta sindikatuek salatu dute Hezkuntza Departamentuak ez duela ulertu “zeintzuk diren Nafarroako hezkuntzaren benetako beharrak”, eta benetako negoziazio eskatu dute. “Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa (hala deitzerik badago) alde bakarrez utzi baitzuen bertan behera. Zertarako eta soilik hiru sindikatuekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko”, UGT eta hezkuntzaren beste sindikatu txikiekin egindako akordioari erreferentzia eginez.

Gehiengo sindikala osatzen duten STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek beste greba jardunaldi bat deitu dute urtarrilaren 30erako. “Mobilizazioen prestaketan buru-belarri dihardugu oraintxe, eta datozen egunetan emango dugu horien berri. Gure ustez, Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren gaur egungo baldintzak eta kalitatea hobetzea lortuko badugu, mobilizazioa da bide bakarra; indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke Departamentuak bere jarrera aldatzea eragingo duten baldintzak sortzea”, adierazi dute sindikatuek greba erregistratzerakoan.

“Gu egiazko negoziazio bati ekiteko prest gaude, bai eta horretarako behar diren baldintzak sorrarazteko ere. Horretarako, ordea, irakasle guztion laguntza behar dugu beste behin ere. Segi dezagun borrokarekin!”, animatu dute.

Gehiago