Urtarrilaren 30an izanen da Euskal Herriko Greba Orokorra
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra, urtarrilaren 30an eginen da. Gaur pentsionisten mugimenduaren babesa jaso du greba honek.
2019-ko azaroak 26
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bilera batera deitu ditu mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko egindako planteamendu osoari atxikimendua erakutsi dioten erakundeak. Bilera honetan, data jarri zaio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduek eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitutako mobilizazio eta Greba Orokorrari, eta mugimendu feministaren atxikimendua duena, azaroaren 1 eta 3 bitartean Durangon egindako topaketa feministetan babesa eman ostean.
Gaur egindako bileran, berretsi dute aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dela “promesekin lortuko”, eta azpimarratu dute “ekintzak beharrezkoak” direla pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzeko.
“Horregatik, Madrileko gobernuari, Gasteiz eta Iruñeako gobernuei eta patronalari pentsioek eta soldatek galdutako erosmen ahalmena berehalakoan berreskura dadin exijitzen diegu, baita eskatu ere hauen birbalorizazio automatikoa, bizitzaren kostuaren igoera kontutan hartuta, gutxienez; 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uzteko exijitzen dugu (prekarietatea handitu eta negoziazio kolektiborako eskubidea erasotu duten neurrian), baita 2011 eta 2013 pentsioen erreformetako neurri murritzaileen ezabatzea ere; 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata (SMI) exijitzen ditugu; genero arrakalarekin bukatzeko exijitzen dugu soldata eta pentsioei dagokienez; aurre jubilazioa eskatzen dugu, zigortu gabe, 40 urte kotizatuta izan eta gero; gizarte eta osasun zerbitzu publiko, unibertsalak eta doakoak oinarri dituen zerbitzu sare bat eskatzen dugu; eta exijitzen dugu Bermatutako Errentaren eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua SMI-aren %100ekoa izatea, baita araudi espezifiko bat eskatu ere 1.080 euroko gutxieneko soldata osagarritzeko”, esan dute pentsionistek.
Hau guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak beteko dituztela iragarri dute, mobilizazio orokorrean parte hartzen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek ofizialki deitutako Greba Orokorra babesten, CNT sindikatuarekin, ikasle (Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza) eta gazte mugimenduekin (Eragin, Ernai) batera.
Mobilizazio eta Greba Orokor egun horretan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista (100 eragile baino gehiago barne biltzen dituena) eta HarroEuskal Herriko LGTBI plataforma, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma gisako mugimendu sozialak, Iskanbila eta mota askotariko elkarteak izanen dira. Atxikimendu bilketa oraindik indarrean dagoen honetan, dagoeneko batu dira merkataritza eta ostalari elkarteak, auzo elkarteak eta era guztietako kolektiboak.