Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

2024-ko irailak 26

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.

“Gaur, euskal gizarteari gogorarazi nahi diogu azken hamar urte hauetan, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan direla Sareren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izango direla aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako”. Prozesu honetan, Sarek uste du premiazkoa dela errepresaliatuen egoerari “behin betiko irtenbide justua ematea”.

ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere arazo eta egoera batzuk konpondu gabe jarraitzen dutela salatu du Sarek. “Behin betiko konponbide bat behar da. Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa eraikitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea. Biak ala biak gure herrian betiko elkarbizitza lortzeko gako nagusiak dira”.

Indarkeriarik ez egotea bakea lortzeko nahikoa ez dela ere ohartarazi du Sarek. “Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe. Saren lanean segituko dugu agertoki hori lortzeko, eta bake justuaz hitz egiten oraindik uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu hemendik aurrera ere. Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizi eta jarduteak ekartzen dituzte elkarbizitza eta behin betiko bakea”.

Gehiago