Urriaren 7an eta 8an Euskaltzale Independentiston Topaketak eginen ditu EHEk Billabonan
"Euskararen Errepublikaren aldeko" apustu sendoa egiteko indarrak bildu nahi ditu EHEk Billabonan antolatutako jardunaldi hauetan.
2023-ko irailak 7
Datorren urriaren 7an eta 8an Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo ditu Euskal Herrian Euskarazek Billabonan. Bi egun horietan zehar, euskara eta independentzia ardatz hartuta, hainbat gairen inguruan hausnartuko dute euskaltzaleek.
Urriaren 7an eta 8an Euskaltzale Independentiston Topaketak eginen ditu EHEk Billabonan https://t.co/VxTlzF6ErY@EHEbizi pic.twitter.com/gsPAGlTSyk
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) September 7, 2023
“Topaketok egitearen ideiaren jatorria, pandemia garaian, EHEren baitan egindako Astindu prozesuan dago. Barne-prozesu horren bidez, EHEk bere oinarri ideologikoa, antolakuntza eredua eta etorkizuneko lan-ildoak berrikusi zituen, besteak beste. Hala, lehenengo aldiz, esplizituki, eragile indepedentista modura aitortu du bere burua EHEk. Txillardegik zioen bezala guk ere argi ikusten baitugu, “estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”, azaldu dute emandako prentsaurrekoan.
“Espainiar eta frantziar estatuen menpe ez dugu egun bizi dugun diglosia egoera hau gaindituko eta beraz, Euskararen Errepublikaren aldeko apustu sendoa egiten dugu”, azpimarratu dute. Hain justu, Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, euskaltzaleek eta independentistek “indarrak bateratzeak eta norabide berean arraun egiteak duen garrantziaz ohartuta” erabaki dute topaketak egitea. Euskaltzaleak aurrera begira eta herri eraikuntzarako perspektiban kokatzeko ekarpena egin nahi dutela gehitu dute.
Helburuak
Hiru helburu nagusirekin antolatu dituzte Euskaltzale Independentiston Topaketak: batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen hausnartzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepubilkaren norabidean kokatzeko; eta azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea saretzea eta indartzea.
Egitaraua
Egitarau zabala prestatu dute urriaren 7 eta 8rako. Mahainguruak, tailerrak, kontzertuak, otorduak, mural-margoketa… Hau da egunez eguneko programazioa.
Urriak 7, larunbata
– 10:00etan hasita, Gurea Antzokian, Topaketen aurkezpen ekitaldi laburra eta “Euskararen errepublika eraikiz” mahai-inguru nagusia izango da. Bertan, bost hizlarik parte hartuko dute: Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Lorea Agirrek. Aurkezle lanetan, berriz, Ekhiñe Atorrasagasti arituko da. Hizlari bakoitza bere esperientziatik eta eremutik arituko da hiru galdera nagusiren bueltan: “Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa”.
– 12:45ean, Ama Lurra plazan, ekitaldi politikoa. Ondoren, bazkaria.
– Arratsaldean, tailerrak: “Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan”, “Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?”, “Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?”, “Gazteok euskararen borrokan”, “Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka” eta “Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak”.
– 19:00etan, elektrotxaranga.
– 22:00etatik aurrera, kontzertuak: Yogurinha Borova, Gora etorri eta DJa.
Urriak 8, igandea
– 11:00etan, gosaria Irrintzi Elkartean.
– 11:30ean, Euskal Herrian Euskarazen mural pintaketa.
– 12:45ean, Erreboteko plazan pilota ikuskizuna.
– Ondoren, Iratzar Tabernan marianitada eta Euskaltzale Independentiston Toka Txapelketa.
Topaketa hauetan izena emateko epea ere zabaldu da.