Urriaren 15ean greba eta lanuzte orokorra Palestinaren alde Hego Euskal Herrian
LAB, CCOO, STEILAS, Solidari, ETXALDE eta HIRU sindikatuek datorren urriaren 15erako Hego Euskal Herrian egingo den Lanuzte Orokorra iragarri dute.
2025-ko irailak 26
Deitzaileek jakinarazi dutenez, ekimena sindikatu guztiei irekita dago eta datorren astean informazio gehiago emanen dute, baita egingo diren ekimenenen xehetasunak.
“Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adieraztea” da helburu nagusia, azaldu dutenez, eta Israel Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatzea.
Israel, Zisjordanian Palestinako lurraldearen “etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak” ere salatuko dituzte, eta Gazan ematen ari den genozidioarekin bukatzea aldarrikatzeaz gain, okupazioari nahiz kolonizazioari “bukaera emango dion konponbide integral bat” eskatuko dute “Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz”.
Patronalari eta instituzio propioei ere zuzentzen dira Israelgo Estatuarekiko “harreman komertzial oro eten dezatela” eskatuz. “Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea”, azpimarratzen dute. Zentzu horretan, Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela eskatu dute deitzaileek.
