Urriaren 12an inperialismoa salatzeko egindako ekimenagatik auziperatuei babesa adierazteko manifestazioa eginen da Iruñean

Urriaren 12an Sortuk beste talde batzuekin batera Iruñean egindako ekintzagatik 12 lagun deitu dituzte Auzitegi Nazionalera deklaratzera, Koroaren aurkako delituak leporatuta. Hori eta 78ko Erregimenaren gehiegikeriak salatzeko, manifestazioa deitu dute urtarrilaren 16rako Iruñean.

2021-ko urtarrilak 5

Urriaren 12an ekimen ikusgarria egin genuen Iruñean beste zenbait kolektiborekin batera, Espainiako Erresumaren izaera kolonialista eta ez-demokratikoa salatzeko. Bertan, Cristobal Colon-en eta Felipe VI. Espainiako Erregearen itxurazko estatua bana eraitsi genuen, horren guztiaren ikur gisa. Bada, ekimen horren eta urriaren 12ko testuinguruan egin ziren beste zenbait ekimenen harira, 12 lagun deitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta Koroaren aurkako delituak leporatzen dizkiete.

• SORTUk oinarrizko askatasunen kontrako eraso larritzat jotzen du eta bere elkartasuna eta babesa adierazten dizkie deklaratzera deitu dituzten lagunei.

• Eraso horrek Urriaren 12an salatu nahi izan genuena baieztatu baino ez du egiten. Alegia, historian zehar herrien eta herritarren zapalkuntzaren gainean eraiki dela Espainiaren proiektua, inposizioaren eta errepresioaren gainean. Eta halaxe da gaur egun ere. Francok “lotuta eta ondo lotuta” utzi zuen, aukera demokratikorik ireki ez zedin. Itxura demokratikoagoa eman arren, Espainiako erregea eta 78ko Konstituzioa zutabe dituen Erregimena herrien kartzela da, Espainiaren proiektua inposatu eta aldarrikapen demokratikoak kriminalizatu eta zigortzen dituena.

• 78ko Erregimenak ahalegin berezia egin zuen Nafarroan, estatu-auzi bilakatzeraino. Inolako eztabaida demokratikorik gabe Euskal Herriaren lurralde zatiketa ezarri zuen, eta Nafarroa Espainiaren menpeko bilakatzen zuen marko juridiko-politikoa inposatu zuen, Frankismoaren ondotik bor-bor zegoen aldaketarako gogoa bortizki indargabetzen ahalegintzen zen bitartean. Orduz geroztik, Erregimenaren alderik autoritario eta erreakzionarioena pairatu dugu urte luzez. Frankismoan gizendu ziren elite politiko eta ekonomikoek eta haien oinordekoek bultzatuta nagusiki, Nafarroako herritarrok hamaika eraso jasan ditugu: euskararen kontra, egitasmo subiranisten kontra, eskubide sozialen kontra, emakumeen eskubideen kontra… Dena, Erregimenak ematen zizkien pribilegio politiko eta ekonomikoei eusteko, hala edo nola Espainiaren proiektu zaharkitua iraunarazteko.

• Baina 78ko Erregimena krisian dago, gainbeheran. Horregatik oldartzen ari dira Erregimenaren sektorerik erreakzionarioenak, hala Espainian nola Nafarroan. Eta eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen ari dira, epaitegietatik hasi eta estatu-estoldetaraino. Behingoz eraisteko garaia heldu da, demokrazia eta askatasunari bidea irekitzekoa.

• Horregatik, Erregimenaren eta bere gehiegikerien kontra mobilizatzen jarraitzeko eta, bide horretan, urtarrilaren 16an Iruñeko Antoniu-tik 17:30etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten die SORTUk herritar guztiei.

Gehiago