Udako barnetegietan eta euskaltegietan izena emateko epea zabaldu du AEKk

AEKk Foruan, Arantzan, Zestoan, Urepelen eta Mendikotan barnetegiak antolatuko ditu uda honetan ere, eta horrez gain, euskaltegietan ikastaroak eta online eskaintza izanen du.

2023-ko ekainak 2

AEK-k dagoeneko martxan du udako kanpaina, “Bizi euskara hurbiletik” leloarekin, euskara ikasteko aukera ikasleak beti gertu izanen duela adierazteko asmoz. Udan hainbat euskaltegitan ikastaroak eskainiko dira, euskara ikasteko zein azterketak prestatzeko. Era berean, online-ikastaroen eskaintza ere izango da, maila guztietan. Bestalde, euskara egunerokotasunean bizitzeko aukera eskaintzen du AEK-k bere barnetegietan: Foruan, Arantzan, Zestoan, Urepelen eta Mendikotan. Horien artean, baita familia barnetegiak ere.

AEK-k gogorarazi duenez, “udan denbora eta aukera gehiago izaten dira euskara ikasi nahi dutenak biltzeko; edozein tokitatik online, herrian bertan edo euskara entzungo den leku batera joateko, bertakoekin zein ikaskideekin euskaraz mintzatzeko eta beste hainbat gauza ere euskaraz egiteko”. Hori guztia, AEK-ko irakasleen eskutik, leku ederrean eta giro onean, udako giroan, hain zuzen.

Barnetegiko oroitzapenak saria du
Bestenaz, barnetegiko esperientzia bizitzeko aukera izan duen jendea AEK-k egunotan martxan duen sariketan parte hartzen ari da: Barnetegitik, zein da zure oroitzapen maiteena? Galdera horri erantzunez, gehienez ere minutu bateko audioa bidali behar du parte hartu nahi duen orok, eta kontakizun onena sarituko du AEK-k, Lazkaoko Lizargarate landetxeko egonaldiarekin (bi egun, bi lagunentzat). Audioak ekainaren 9a baino lehen bidali behar dira aek.komunikazioa@gmail.com posta kodera edo Whatsapp edo Telegram bitartez, 630 477 400 telefono zenbakira.

Gehiago