‘Txirikorda-La Trenza’ jai guneko egitaraua aurkeztu dute
Antoniuttin izanen da, uztailaren 6tik 14ra, eta, bederatzi egunez, "aniztasunaren eta hiri kulturaren jaigune" bilakatuko da.
2017-ko ekainak 30
‘Txirikorda-La Trenza’ sanferminetako jai gunea aurkeztu dute gaur goizean, hainbat herrialdetako hamar elkarteren eta hamabost elkarte eta kolektibo sozialen artean antolaturiko festa eremua. Antoniuttin izanen da, uztailaren 6tik 14ra, eta, bederatzi egunez, “aniztasunaren eta hiri kulturaren jaigune” bilakatuko da, antoltzaileen hitzetan.
Hamabost gizarte eragile
Acción Clima, AHNA, Doktoretza Aurreko Asanblada, ATTAC, Compañía de las 3 Rs, Ekologistak Martxan, Etxeko Langileen elkartea, Help- Na, KEM-Moc, Hordago, NATC, Nafarrios, Pamplona Orain, Plataforma 8-80 eta Sua Brigits. Horiek dira Txirikorda-La Trenzan dauden hamabost elkarte eta eragile sozialak.
Esan dutenez, “espazio irekia izanen da, ekologismoa, etxeko langileen lana, errefuxiatuekiko elkartasuna, bakezaletasuna, munizipalismoa, hiri mugikortasuna, komunikazio alternatiboa, feminismoa, laguntza humanitario eta kultur aniztasuna” aintzat hartuko dituena.
Bi txosna, oholtza bakarra
Bi txosna izanen dira: batetik, Txirikorda, herri mugimenduetako eragileena, eta, bestetik, La trenza, hainbat herrialdetako elkarteena. Dena dela, oholtza bateratua izanen du. La Trenzak hainbat herritako folklore eta soinuak eskainiko ditu eta Txirikordak, aldiz, “amalgama eklektikoa” jarriko du: reggaea, ska, metala, hip hopa, swing, funkya, euskal musika…