Tximeleta: “Adierazpen askatasuna dago jokoan eta guk egiten dakiguna egiten jarraituko dugu”

Mikel Mundiñano "Zato"-rekin hitz egin du Ahotsa.info-k PSNren aldetik jaso duten erasoaren inguruko euren talde musikalaren iritzia ezagutzeko. Maite Esporrin zinegotzi sozialistak Joseba Asiron Iruñeko alkatea kritikatu du Tximeleta taldea kontratatu izanagatik. Esporrinen hitzetan, talde honek "terrorismo goratzen" du bere abestietan.

2016-ko irailak 6

– Iruñeko PSN alderdiak “terrorismoa goratzea” leporatu dizuete. Harritu zaituzte jarrera honek?


Astakeri eta eraso hau norengandik eta ze terminotan datorren ikusita, harritu? Ez gara harritu ez. Eman dira aurretik horrelako “sorgin ehizak” beste euskal talde batzuekin eta oraingoan guri tokatu zaigu… oso larria iruditzen zaigu PSNk gure kontra esan dituenak. Onartezina! Ematen du batzuek, politikari izanagatik eta protagonismo bila haien “momentikoak” aprobetxatzeagatik, libre dutela, nahi dituzten astakeriak eta gehio esateko. Zertan oinarritzen da tamainako akusazioa?
Lotsagarria! Bi hitzetan: gustoko ez dutenaren kontrako “sorgin ehiza”…

– Zuen abestietan ETAren aldeko mezuak botatzen dituzue? Noiz izan duzue arazoren bat Espainiako Justiziarekin zuen abestiengatik?

Lehenik esan behar da, Tximeleta TALDEA plaza talde bat dela eta plaza talde bat den einean, nagusiki gure errepertorioa talde ezberdinen bertsioek osatzen dutela. Gure kantuz osatutako diska ere atera genuen 2014an (Mugitu!) eta gure kantu horiek ere sartzen ditugu gure emanaldietan. Kantuak gure web orrian daude zintzilik entzun nahi dituenarentzat… Esango didazu non dagoen hor leporatzen diguten astakeria…

– Irailaren 3an Burgoen plazan jo zenuten, baina zuen musika taldea Nafarroa eta Euskal Herri osotik ibili da. Izan duzue noizbait arazoren bat udalaren batekin arrazoi antzekoengatik?


16 urteko ibilbide oparoa du Tximeleta taldeak. Euskal Herriko hainbat txokotan ibili izan gara. Plaza talde bat gara, dantza arazi, abestu, ondo pasa eta zergatik ez; garena aldarrikatu izan dugu urte guzti hauetan. Ez dugu sekula tamainako arazorik izan inon…

– Zergaitik uste duzue PSNk bota dituela holakoak?


Lehen esan bezala, alde batetik PSNren eta kasu honetan bere udaleko zinegotziaren protagonismo “momentikoa” dagoela uste dugu. Edozerk balio du gaur egun aldaketaren aldeko udal baten kontra. Eta hor lerrokatuak daudenen zeregina da, zeregin maltzurra, udalak antolatzen duen eta gustoko ez dutenaren kontra egitea. Saltsa horren erdian tokatu gara gu! Baina inolako oinarririk gabeko akusazio larriak aireratuz. Jarrera lotsagarria haiena!

– Soziedad Alkoholika, Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Su Ta Gar… aurretik beste batzuk izan dira sorgin ehiza honen biktimak. Noiz amaituko da guzti hau?


Agian ez genuen sekula pentsatuko, nahiz eta ez gaituen harritu, gurea bezelako plaza talde baten kontra egingo zutenik, gehienbat lehen esandakoagatik, plaza talde bat garela kontutan hartuta eta talde ezberdinen bertsioak egiten ditugula kontutan hartuta… baina tira! Herri honetan sorgin ehiza horretatik pasa dira zenbait euskal talde bai. Adierazpen askatasuna dago berriz ere jokoan eta horren alde egiteko, guk egiten dakiguna egiten jarraituko dugu, plazaz plaza, herriz herri. Esaerak dioen moduan “kantatzen duen herria ez delako inoiz hilko”. Ez gaituzte ixilduko!
Azkenik eskerrak eman nahi genituzke, jasotzen ari garen elkartasun dei eta mezu guztiengatik! “Nahi duzuenerako, Tximeleta gara!

Gehiago