Txantreako jaietan txoznak izanen dira berriz ere
Aurtengo jaiak apirilak 27 osteguna hasiko dira eta maiatzak 2 asterartea amaituko dira.
2018-ko apirilak 23
Aurten 180 jardueratik gora izanen ditu Txantreako jaietako egitarauak. Ekitaldi guzti hauen artean, auzotik eta auzoarentzat egindako ekimen batzuk azpimarratu nahi izan dituzte: larunbateko kaldereteak eta jarraian izango den Karrikadantza, igandean auzoko Alde Zaharreko kaleen eguna izango da, non auzokideek kaleak ekimenez josiko dituzten, astelehen goizean txoko desberdinetatik erritmo bizian zeharkatuko dute gazteek auzoa eta azken egunarekin batera, erraldoien konpartsak agur esan eta paella eta ajoarriero lehiaketak hartuko du lekukoa. Honez gain, puzgarriak egunero, dantzaldiak, azoka, parkourra, dantza eta herri kirolen erakustaldiak ere izango dituzte aurtengo jaietan.
Aurten eskaintza kulturala zabaldu nahian, kolektibo desberdinek auzoari jai gune berri baten ekarpena egin diote, maiatzaren lehenaren plazan kokatuko dena. Bermutak, bazkariak, kalejirak, kontzertuak eta ikuskizunak izango dituzte bertan.
Jaietan eraso sexistak ekiditeko salaketarako telefono bat izanen da, eta
ozen esan nahi dute Txantreak ez duela inolako eraso sexistarik onartuko, eta hauek egon bitartean jaiak ez dituztela normaltasunez biziko. “Emakumeok ere jaiez eta gure auzoaz gozatu nahi dugu, horretarako erasoen aurkako protokoloan lanean gabiltza. Erantzunak emateko eta autodefentsa feminista praktikara eramateko prest gaude”, azaldu dute Jai Batzordetik. Ildo horretan, kontzientzia hartzea eta elkarrekin lan egitea erasorik egon ez dadin herritar guztien ardura dela pentsatzen dute.
800 pertsona baino gehiago behar dira jaiak antolatzeko, auzolanetarako, programen banaketarako, apainketarako edota muntaketarako, antolatzaileen arabera, eta hauei eta dendariei eskerrak eman dizkiete. “Autogestioa oinarri izanik eta komertzio txikiaren laguntzari esker, guk ere eskerrak eman nahi genizkieke dendariei egiten duten lanagatik, haiek gabe ere jaiak ez liratekelako posible”, ziurtatu dute.