Txantreako jaien atzera kontua: 3, 2, 1, …
Bihar asteartea jaurtiko dute Txantreako jaietako txupinazoa. Maiatzaren 5 arte adin eta publiko guztiendako ekimenak izanen dira Iruñeko auzo honetan.
2024-ko apirilak 29
Txantreako agenteek eta eragileek egitarau oparoa prestatu dute datozen egunetarako. Aurten, El Drogasek auzoko Jaki Toki kolektiboari emanen dio lekukoa, eta haiek izanen dira jaiei hasiera emanen dietenak. Hala, Jai Batzordeak Jaki Tokik egindako lana aitortu nahi izan du. Orain hiru urte elikagai biltegi gisa hasi zena, gaur egun, auzoko eragile erreferenteetako bat bihurtu da. Haien lanari esker, sektore prekarizatuenak Txantreakoak izateaz harroago sentitzen baitira, eta Jai Batzordeak gere gain hartu du “festak oraindik ere arrotz sentitzen dituzten horiei ahotsa eta lehen lerroa ematea” ardura.
Biharko txupinazoarekin zientoka emanaldi, kontzertu eta jarduera izanen dira adin guztietako auzokideentzat. Guztira, 170 jarduera baino gehiago programatu dituzte 6 egun hauetarako: Tribade, Motxila 21, Goazen! edo Zaunka taldeen kontzertuak, herri bazkariak, nagusientzako emanaldiak edota puzgarriak eta erraldoiak txikienentzat.
Aurten, eta Iruñeko Udalean emandako aldaketari esker, auzoetako jai batzordeek hitzarmena sinatu berri dute instituzio honekin, eta honek egiten duten lana aitortzeko balio du, adibidez hainbat azpiegitura lortzeko bidean. “Txantreako Jai Batzordeak, laguntza hori baliatu nahi izan du, ahal den neurrian, gure kaleak garbi mantentzeko. Horregatik gune jendetsuenetan komun gehiago jarri ditugu, eta baita ez zegoen tokietan berriak jarri.”