Txantreako Haustura gazte asanbladak lokal bat okupatu du gaztetxearen aldeko egunean

Txantreak gaztetxe bat behar duela aldarrikatzeko gaztetxen aldeko eguna antolatu du gaurHaustura gazte asanbladak eta lokal bat okupatu dute. Gaztetxeari Maiatzak 1 izena jarri diote.

2025-ko urriak 25

Txantreako Haustura gazte asanbladak antolatuta, auzoan gaztetxe baten beharra dagoela mahaigaineratzeko asmoz eguna deituta zuten gaur. Eta lokal bat okupatu dute auzoko Elo kaleko bigarren zenbakian eta bertan gaztetxe bat irekiko dela ziurtatu dute.

“Krisi kapitalistan guztiz murgilduta gauden honetan, Txantreako gazte langileon lan eta bizi baldintzak okerrera dijoaz. Horren adierazle dira, bizitzaren garestitzea, emantzipatzeko dugun ezintasuna, gazteon kontrako kriminalizazio zein infantilizazioa edo gure beharretara egokituta ez dagoen aisialdi eredua. Hori gutxi ez balitz, jarrera eta diskurtso erreakzionarioen gorakada gure egunerokoaren parte bihurtzen ari dira. Azken­ aldian gero eta agerikoagoak dira arrazakeria, matxismoa, lgtbifobia eta pobreen aurkako kriminalizazioa besteak beste”. Hori guztiaren aurka antolatzeko eta borrokatzeko beharra azpimarratu eta gaztetxeak leku ezin egokiagoak direla azpimarratu nahi izan dute.

“Gazte langileon interesen alde antolatzeko ezinbestekoa deritzogu gaztetxeen beharra”, esan dute, eta Euskal Herrian eta Iruñerrian izandako beste gaztetxe batzuen esperientziak ekarri dituzte gogora goizean egindako hitzaldi batean. Ondoren bazkaria izan da eta arratsaldean lokala okupatu dute.

Gehiago