Txantreako euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko manifestazioa larunbata honetan
Txantrean 11 preso dituzte, guztiak sakabanatuak, eta beste bat etxean aurkitzen da, espetxealdi arinduan. Manifestazio honekin martxan dauden epaiketak ere salatuko dituzte. Arratsaldeko 17:30ean eginen da mobilizazioa “Sakabanatzea eta epaiketa politikoak gelditu. Auzoan nahi ditugu” lemapean.
2015-ko abenduak 10
Txantrea auzoan aski ongi ezagutzen dute zer den errepresioa. 20.000 lagun ez duen auzoan 650 pertsona izan dira atxilotuta, 100 baino gehiago espetxea edo erbestea ezagutu dute, 110 izan dira torturatuak. Gainera, “inposaketa espainarrak” 2 auzokide hil dituela ere salatu dute, Jose Maria Izura “Pelu” eta Unai Salanueva.
“Gaur egun, gatazka politikotik eta armatutik sortzen den errepresioak argazki kezkagarria eta mingarria uzten digu. Auzoan 11 auzokide daude kartzelan eta beste bat presoaldi arinduan, etxean preso eskubide asko urratuta. 11 auzokide hauek ehundaka kilometrora sakabanatuta daude eta bai haiek, baita haien familiek eta lagunek ere, jasaten dituzte kartzela politikaren ankerkeria eta bidegabekeria”, gogoratu dute.
Azken garaietan, Txantreako hiru auzokide izan dira eta izaten ari dira epaituak bai Entzutegi Nazionalean baita Parisko Auzitegi Gorenean ere. Zurgai Herriko Taberna dekomisioa ere salatu dute. Errepresioaren argazkiarekin amaitzeko, beste auzokide bat auzipetuta dagoela eta beste preso bat epaitua izatearen zain dagoela gogoratu dute.
Estatuek Euskal Herriaren “hitza eta erabakia ukatu” egiten dutela eta gatazka politikoa ez dutela konpondu nahi salatu dute. Horren aurrean, Euskal Herriko gehiengoak “bakean bizi eta gatazka politikoa eta armatua behin betiko itxi nahi duela” uste dute, eta bide horretan, “sakabanatzea, errepresioa eta epaiketa politikoak ezinezkoak dira”.
Auzokide errepresaliatuekiko elkartasuna bultzatzeko, datorren abenduaren 12an arratsaldeko 17:30ean manifestazio bat antolatu dute “Sakabanatzea eta epaiketa politikoak gelditu. Auzoan nahi ditugu” lemapean.