Txantreako etxe okupatua desalojo arriskuan berriz ere
Nafarroako Gobernuarena den Uharte kaleko etxe okupatua hustutze arriskuan aurkitzen dela ohartarazi dute Txantreako okupazioaren aldeko mugimendukoek.
2016-ko azaroak 18
Uharte 24 etxearen kasua berriz ere albiste da. Bart gauean, Foruzaingoa berriz ere agertu zen Txantrea auzoko etxe honetan, Kontseilariaren agindupean bertakoek salatu dutenez. 2011 urtean, UPN gobernu-buru zela, auzokide batzuk Nafarroako Gobernuaren etxe hau okupatu zuten, 8 urtez hutsik egon ostean “etxebizitza eskubidea bermatzea helburu”.
UPNk bere garaian ahal izan zuen guztia egin zuen etxean bizi ziren gazteak bertatik botatzeko, baina ez zuen lortu. Gaur egun indarrean dagoen Gobernuak, prozesu berarekin jarraitu duela salatu dute, epaileari etxea hustu ahal izateko beharrezkoa den baimena eskatuz eta, baimen horren ukoa jasota, desalojo prozesuari berriro hasiera emanez.
“Aldaketaren Gobernuak ez dio, oraingoz, etxebizitzaren arazoari alternatibarik eskaini; gainera ahal izan duen guztia egin du etxe honetako gazteak kalera botatzeko, baita Polizia Forala etxera bidali ere, bizilagunen lasaitasuna oztopatuz”, salatu dute okupek. Txantreako gazte mugimenduak okupazioa “etxebizitzaren sistemari aurre egiten dion tresna erreal bakarra” dela azpimarratzen du, eta zentzu horretan gogoratzen dio Aranburu Kontseilariari etxe hau borroka horretan “erreferente bat dela eta auzoaren babesa” duela.