Tuteran Osborneren zezena bota izana Hispanitatearen Egunaren aurkako ekintza bezala kokatu du Ernaik
Urriaren 12an ez dagoela "ezer ospatzeko" eta "inposatutako jai arrotza" bat dela salatzeko, Ernai gazte erakundeak ekimen ikusgarri honen bideoa kaleratu du.
2015-ko urriak 10
"Egun hauetan zuen zezen maiteetariko bat erori egin da, Nafarroan gelditzen zen azkena zehazki, Tuteran. Eta ekimen hau, indarkeriaren bidez eraikitako estatu- aparatu guztiak ere erortze bidean daudenaren isla besterik ez da. Argi dugu: denok norabide berean bultza eginez gero, inposaketa guztiekin amaituko dugu! Espainiarekin apurtzeko, gazteok bagoaz!", adierazi dute ohar batean.
Hispanitatearen Egunaren bezperan, Ernaik gogoratu du zein den Espainiako indar armatuen papera Euskal Herrian: "Goardia Zibila askatasunaren alde egiten duen mugimendu ororekin bukatzeko sortua izan zen tresna. Indar okupatzaileek Euskal Herrian duen jarduna, espainiar eta frantziar Gobernuek gatazka iraunarazteko eta konponbidearen bidean urratsik ez emateko daukaten hautu sendoaren erakusle dira".
Indar armatu hauek Euskal Herritik alde egin behar dutela oroitu dute. "Herritarrok konponbidearen eta justiziaren alde lerratu gara, eta jarritako oztopo bakoitzaren aurrean tinko aurkituko gaituzte. Herri berri bat eraikitzera goaz, eta bertan ez dago zuentzako lekurik".