Torturatuen aitortzan urrats berriak emateko eskaera egin dute ehunka lagunek EHko Torturatuen Sarearen eskutik

Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere bigarren biltzarra egin du Eibarren, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio aitortu dezala «frankismoaz eta trantsizioaz harago ere ehunka herritar» torturatu zituztela.

2026-ko otsailak 14

Iturria: Berria.eus/Ahotsa.info

Eibarren (Gipuzkoa), Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan, eta Joxe Arregi torturapean hil zutenetik 45 urte bete direla, Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere bigarren biltzarra egin du, eta ekitaldi hori baliatu du Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zenbait eskaera egiteko. Batetik, Jaurlaritzari eskatu dio Espainiako «Estatuko biktimen aitortzarako Euskal Autonomia Erkidegoko legea berritzeko», arauak aurreikusten duen epealdia zabaldu dadin, eta aitortza eta erreparazio «mekanismo integral bat bermatzeko ekinbideak eta adostasun politikoak sustatu» ditzaten. Bestetik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio aitortu dezala «frankismoaz eta trantsizioaz harago ere ehunka herritar» torturatu zituztela, eta har ditzala bere gain «dagokion erantzukizuna».

Donostiako Kursaalean egin zuten duela urtebete Torturatuen Sarearen aurkezpen ofiziala, eta tratu txarrak jasandako 900 euskal herritar inguru elkartu ziren han; Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako zenbaketaren arabera, 1960 eta 2014 bitartean gutxienez 5.379 biktima torturatu zituzten Euskal Herrian. Gaur «euskal gizarte osoari» mezu bat igorri diote: «Aitortzaren garaia da».

Sareko eledunek «ozen» esan dute Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian «modu sistematikoan torturatu» dutela: «Torturatu gaituztela aitortzeko garaia da». Gogoratu dute 5.000 kasutik gora dokumentatu direla zenbait ikerketaren bidez. Horiei guztiei, «aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak» eskaini behar zaizkiela erantsi dute: «Bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua da hori».

Kasu guztien erregistroa

Eibarko Ingeniaritza Eskolako aretoa lepo bete da Sareko 500 bat kiderekin, 5.000 torturaturen argazki osoaren lagin bat baizik izan ez arren. Jaurlaritzari lege berria sustatzeko eskaera egitean, azaldu dute «milaka» izan direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tortura pairatu dutenak, eta «gehiegi luzatzen» ari dela aitortza prozesua. «Determinazioa eskatzen diogu gobernuari, tortura politikoa pairatu dugunon aitortza prozesua oso-osorik eta oztopo gehiagorik gabe garatu ahal izateko». Hala, bildu ditzaketen aitortza eskaera guztiak Eusko Jaurlaritzan erregistratuko dituzte aurrerantzean. «1960tik 2014ra euskal gatazkarekin lotura duten tortura kasu guztiak» lagunduko dituzte, eta eskaera horiek guztiak Egiari Zor fundazioaren bidez erregistratuko dituzte.

Nafarroako Gobernuari ere mintzatu zaizkio, eta gogoratu dutenez, prozesua zabaldu zenetik, Nafarroan dagoeneko aitortuak izaten ari dira 1960tik 2011ra bitarteko tortura kasuak, 16/2019 Foru Legearen bidez.

Ekinbide horren arrazoiak aztertuta, azaldu dute «bizipen mingarri bakoitzari izaera ofiziala» eman behar zaiola. «Pairatu genuen indarkeria ezin da ikusezin bihurtu. Ezin da edozein bizikidetza demokratikoko esparrutatik baztertu». Eragile politikoek «betebehar demokratikoa» dutela gehitu dute, «tortura ez delako iraganeko kontu bat, aitortu eta erreparatu beharreko zauri bizi bat baizik».

Azaldu dutenez, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri duen etorkizuna eraiki nahi bada, arrazoiak ere azaleratu behar dira: «Zergatik torturatu gintuzten argitzeko garaia da. Metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu den, nork eta nola baimendu zuen jakiteko garaia da, erantzukizun publikoak hartzekoa, eta, batez ere, inpunitatea amaitzekoa».

«Tortura jasan dugunok bide orri oso bat behar dugu, mekanismo integral batekin»
Igor Zearreta (Torturatuen Sareko kidea)

Igor Zearretak azaldu du tortura jasandako biktimek «subjektu aktibo» bihurtu behar dutela, «bidean inor gelditu ez dadin». Hori dela eta, biktimak saretzera deitu ditu.
Jaurlaritzak handitu egin du estatuaren biktimen aitortzak egiteko lantaldearen aurrekontua. Zer iruditzen zaizue?

Positibotzat jotzen dugu EAEko 12/2016 eta Nafarroako 16/2019 legeak sortu izana. Lege horiek baliabideekin hornitu behar ziren, eta azken urteetan ikusi dugu Nafarroako legeak martxa ona izan duela, eta EAEkoak, aldiz, hutsuneak izan dituela. Jaurlaritzak aurrekontuan egin duen urratsa positibotzat jotzen dugu. Baina bultzada hauek ez dute izan behar unean unekoak; tortura jasan dugunok bide orri oso bat behar dugu, mekanismo integral batekin. Hori atzeratzeak mina eta sufrimendua areagotzea besterik ez du ekarriko.

Zenbat kide bildu dira Torturatuen Sarean? Nola erakar daitezke gehiago?

1.500 pertsona inguru gaude sarean, eta gaur jaso ditugun karpeta guztiak gehitu behar zaizkio kopuru horri. Bai eta Euskal Herriko herri eta auzoetan biltzen ari diren karpeta guztiak ere. Hau ez baita sekula gelditzen, barneko mamu horiek ez baitute egutegi edo ordutegi finko bat. Torturatu bakoitzak bere momentua dauka aitortzaren bidean, eta barne infernu hori irekitzen denean, hor egon nahi dugu guk, maitasunez, horri bidea emateko. Horregatik eskatzen diogu Jaurlaritzari berriro ireki ditzan legearen epeak. Pertsona gehiago sarera erakartzeko; garbi dugu zein den bidea: auzolana. Tortura jasandakoak subjektu aktibo bihurtu behar ditugu bidean inor gelditu ez dadin.
Epe motzera, zein dira zuen helburuak?

Lau ardatzetan finkatzen ditugu. Lehenik, saretzea, inor kanpoan geratu ez dadin. Bigarrenik, aitortzetan aurrera egitea nahi dugu. EAEn, 260 aitortza egin dira, eta Nafarroan, 71. Kriminologiaren Euskal Institutuak 5.379 tortura kasu zenbatu ditu; beraz, aitortutako kasuak ez dira horien %10 ere. Hirugarrenik, kontakizuna ere eraiki behar dugu, negazionismo eta ukapen hori apurtzeko eta egia argitara eramateko. Eta, azkenik, zaintzan jarraitu behar dugu, gure funtsezko elementua baita. Saretzearen bitartez, bihotza jarri nahi dugu erdigunean. Guk gure artean hau esaten dugu: ‘garrantzitsuena ez baita egin ziguten hori, baizik eta gu zer egiteko gai garen hori ahaztu gabe’

Gehiago