Torturatuei eta Estatuaren indakeriaren kaltetuei aitortuak izateko eskaera aurkezteko deia egin diete

Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak 16/2019 Foru Legearen hirugarren jarduera positiboki baloratu dute, baina hainbat kritika eta proposamenak luzatu dituzte.

2026-ko martxoak 4

Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia pasa den astean izan zen Nafarroako Parlamentuan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legearen hirugarren jarduera- memoriaren berri emateko. Agerraldia hau baloratzeko, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak prentsaurreko bat egin dute gaur.

Lehenik eta behin, hurrengo datuak eman dituzte:

  • Osotara, 238 eskaera tramitatu dira orain arte: Horietatik 184 torturatu pertsonak dira (%77)
  • Osotara 114 pertsona aitortu dituzte: Horietatik, 81 dira torturatutako pertsonak (%71).
  • IVACek emandako datuen arabera 919 pertsona torturatu zituzten Nafarroan. Horietako %8,8 aitortuak izan dira orain arte.
  • Tramitera onartuak ez diren kasuak, 5.
  • Aitortuak ez diren kasuak, 7 .
  • Gelditutako espedienteak: 10 . Prozesu judizialak irekita daudelako edo Audiencia Nazionalari informazio eskatu zaiolako.
  • Espediente luzatuak: 23.
  • Barne datuak: Torturatuen Sarea torturatuekin harremanetan jartzen ari da. Horietako 108k baietz esan dute legera aurkeztera. Beste 95 hitz egiten ari da, oraindik zalantzak dituzte edo ez dute erabaki bat hartu. Beste 61 pertsonek ez dutela eskaera egingo adierazi dute. Arrazoiak ezberdinak dira: zauria ez irekitzearren, mesfidantza instituzioekiko, uste dutelako aitortu behar duenak Estatua dela edota uste dutelako ez dituztela tortura “nahikoak” jasan torturatua bezala izendatzeko.

Legean aitortza eskatzeko prozesua
Torturatuekin Sarearen bolondresen bidez egiten ari den lanaren azalpena egin da. Torturatuei deitzen zaie Legearen nondik norakoak azaltzeko eta ea eskaera egin nahi duten jakiteko. Torturatuaren esku dago orduan erabakia. Baietz esaten badute, dokumentazioa bilatzen da: bere testigantza idatziz jasotzen da edo bideoz grabatzen da. Bestelako dokumentazioa jasotzen da, baldin bada. Ondoren erregistratzen da eskaera. Tramitera onartzen bada, Batzordearekin elkarrizketa egiten da. Batzordearen erabakiaren zain, Torturatuen Saretik zaintza espazio ezberdinak eskaintzen dira ondoren zalantzak eta ezin egonak elkarbanatzeko. Azkenik, Batzordearen erabakia iristen denean, baiezkoa bada, Nafarroako Gobernuaren deia jasotzen du torturatuak, Kontseilariarekin bilkura bat egiten da eta aitortzaren dokumentua jasotzen da. Eta bukatzeko prozesuarekin, azken bi urtetan aitortuak izan diren pertsona guztiekin ekitaldi ofiziala egin da.

Mikel Sotok (Nafarroako Torturatuen Sarea) aitortza eskaera aurkezteko prozesuaren inguruan adierazi du: “Prozesu konplexua eta luzea da, urrats asko eskatzen dituena, eta pertsonekin egotea, entzutea eta arreta ematea eskatzen duena, zaintza lehenetsiz eta pertsonaren denborak errespetatuz”.

Bestetik, Sotok azaldu du gero eta jende gehiago animatzen ari dela aitortza eskaera aurkezteko: “Urtez urte eskaera kopurua gora egiten du, honek uste dugu zer ikusia duela jendeak gero eta konfidantza handiagoa duela aurkezteko orduan, nabarmendu nahi dugu 238 eskaera hauetatik 184 torturatuak izan dira, hau da, %77 torturatuak segurtasun indarren eskutik.

Estatuaren beste biktimak
Lege honek bestelako indarkeriak ere barnebiltzen dituela gogoratu da. Baina Ainara Gorostiagaren (Egiari Zor) ustez, Nafarroako Gobernuak ez du nahikoa egin legearen edukia zabaltzeko. Esatebaterako, polizia indarkeriaren eta gerra zikinaren ondorioz hildako pertsonak edota errepide-kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigla ugarietako edozeinen bidez erasotutakoak erakartzeko. Berdin bala zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz zaurituak, manifestazioetako errepresioaren ondorioz larriki zauritutakoak, ondasun erasoak jasandakoak edota bahiketak, legez kanpoko atxiloketa edo desagertzeak jasan dituzten pertsonengana iristeko. “Jakin badakigu guzti hauek kopuru hori baino altuagoa dela eta inplikazio falta somatzen dugu Nafar Gobernutik. Ezin da gure bizkarrean erori izan beharko lukena politika publikoen ardura”, adierazi du.

Gorostiagak azaldu du Nafarroan 59 pertsona hil direla gatazkaren ondorioz, eta horietatik erdia “ez direla sartzen Lege honetan”. Bestetik, badira gutxienez zauritutako 246 pertsona. Haiekin kontaktuan jartzeko zailtasunak azpimarratu dute, eta Lege honen bidez aitortuak izateko eskaera egiteko animatu dituzte. Laguntza behar izatekotan, Egiari Zor Fundazioarekin kontaktuan jartzeko eskatu diete.

Beste 174 auziaz hitz egin dute, euren ondasunetan kalteak jaso zituztela. Horiekin ere harremanetan jartzeko zailtasuna nabarmendu du Gorostiagak.

Batzordea eta Legearen balorazioa
Balorazio Batzordearen lanaren inguruko iritzi orokorra positiboa bada ere, hainbat kritika egin dituzte Legearen inguruan. Alde batetik, Legearen mugak agerian utzi dituzte. Salbuespeneko espetxe politikaren ondorioz hildako pertsonak ez direla sartzen; ez dela ikertzen, soilik aitortza administratiboa dela; erantzunkizunak ez dira argitzen.
Bestetik, balorean jarri dute Lege honek aurrera pauso bat suposatzen duela orain arte egon den Estatuaren indarkeria agerian uzteko, orain arte ukatuak izan diren kasu asko aitortzeko… “Baina ez du balio Estatuak izan duen inpunitatearekin amaitzeko”, esan dute.
Bukatzeko, Batzordearen lana amaitzen denean espero dute ondorioak, gomendioak eta konpromezuak hartzeko beharra azpimarratzea, baita ere jasandako indarkeriaren inguruko errelatoa egitearen beharra. Eta gogoratu dute: “Hau ez da ezeren amaiera baizik eta guztiaren hasiera “memoria inklusibo bat lortzeko Nafarroan”, memoria bere osotasunean lantzeko politika publikoen beharra aldarrikatu egin da motibazio politiko biktima guztiak eskubide berdinak izateko”.

Agerraldiari bukaera emateko, gogoratu dute Legearen epea amaitzeko urte ta erdi geratzen dela eta jendea animatzen dute aitortza eskaera aurkeztera.

Gehiago