Torturari buruzko IV. Nazioarteko konferentzian Iruin eta Finucane abokatuek inpunitatearen inguruan hausnartuko dute
"Inpunitatea: Erreparaziorik ezaren eta errepikapenaren bermea" lemapean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako laugarren edizio honetan Ipar Irlandako kasua ezagutzeko aukera izanen da John Finucane Belfasteko abokatuaren eskutik. Eta Euskal Herriko historiaz hitz egiteko, Iñigo Iruin abokatua gonbidatu dute.
2025-ko urriak 23
Aurtengo konferentzia tortura eta inpunitatearen binomioan zentratuta dago. Alde batetik, Ipar Irlandako kasua ezagutuzeko aukera izanen da. Horretarako John Finucane abokatua gonbidatu dute. 1989an, paramilitar lealistek, Ingalaterrako zerbitzu sekretuekin bat eginez, bere aita hil zuten, Pat Finucane eskubide zibilen aldeko abokatu ezaguna. Zuzenbidean lizentziaduna, 15 urtetik gora eman ditu lanean abokatu gisa eta giza eskubideen, memoriaren eta egia jakiteko eskubidearen alde lan egin du hainbat foroetan. 2019an, Belfasteko lehen alkate nazionalista bihurtu zen, eta, ondoren, Ingalaterrako parlamentuko diputatu hautatu zuten, gaur egun oraindik betetzen duen kargua.
Nafarroako Torturatuen Saretik, torturari buruzko IV.Nazioarteko konferentzia aurkeztu du gaur Iruñeko Medikuen Elkargoan. Leku horretan bertan eginen da, azaroaren 6an arratsaldez.
Nafarroako eta Euskal Herriko testuinguru historiko eta politikoaz hitz egiteko, Iñigo Iruin abokatua gonbidatu dute. Espainiako Estatuan torturaren aplikatzeak eta inpunitateak izan dituzten ezaugarri bereziak aztertuko ditu Iruinek. Abokatu honen ibilbide luzea ezaguna da oso: Lasa eta Zabala auzian edota Mikel Zabalza eta Jose Miguel Etxeberria Naparra bezalako kasuetan ibili da lanean.
“Publikoa eta nabarmena da torturari lotutako zigorgabetasunak ezaugarri berezi bezain kezkagarriak dituela Espainiako Estatuan”, nabarmendu dute Sareko kideek. Gogoratu dutenez, egon diren kondena urrien kasuan indultuak izan dira “eta horiei torturatzaileen maila-igoeren eta kondekorazioen eskandalua gehitu behar zaie”.
“Horregatik, Sareak duen ikuspegi antipunitibistatik ere, ezinbestekoa da Espainiako Estatuan torturaren inpunitate nabarmenak duen funtzionamenduari eta ondorioei buruz hausnartzea. Ez bakarrik torturatuen benetako erreparazioa ezinezkoa egiten duelako, baizik eta tortura iraupena ahalbidetzen duen mekanismo nagusietako bat delako”.
Hitzaldi hauetaz gain, azaroaren 9an mikroantzerki batzuk eskeiniko dira Escenika elkartearen eskutik Pinaquy aretoan. Antzerki hauetan egiazko hiru istorio taularatuko dira. Istorio hauek Escenikako Istorioen Inkubagailuetan jaio ziren, horietan Torturatuen Sareko kideek beren bizipenak mikroantzerkiko pieza bihurtu zituzten. Sormen-prozesu horren emaitza dira antzezlan hauek.
17:30 GAU ILUNA (Iker Aristu)
18:30 ARGIA ILUNTASUNEAN (Aingeru Zudaire)
19:30 NIRE-GURE TORTURAREN OIHARTZUNA (Metxe Gonzalez)
Hiru istorioak antzeztu ondoren, laguntzaile edo bideratzaile baten laguntzaz, hausnarketa kolektiborako gune bat irekiko zaio publikoari.

