Torturaren aurkako ekitaldi eta mobilizazioak “mina oraindikan dirauela” gogoratzeko
Sakanan eta Iruñean izanen dira aste honetan mobilizazioak eta ekitaldiak Torturaren Aurkako Eguna dela eta. Urtero, otsailaren 13an Joxe Arregiren hilketa gogoratzen da Euskal Herrian, eta aurten praktika polizial honek herri honetan sortutako mina oraindikan mantentzen dela gogoratu nahi dute ekimen hauen antolatzaileek.
2018-ko otsailak 12
Nafarroako Sortuk Torturaren Aurkako Egunean kontzentrazio bat deitu du, Merindade plazan kokatzen den Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, arratsaldeko 19.30etan. Kontzentrazio honen leloa “Isiltasunarekin Apurtu” izanen da.
Iruñeko Maravillas Gaztetxean, gaur astelehena, arratsaldeko 18.30etan hitzaldi bat eskeiniko dute torturak jasan dituzten 3 gazteek.
Sakanan, bestalde, larunbatean eginen dute ekitaldi bat . Emandako datuen arabera, 117 lagunek pairatutako 135 tortura kasu erregistratuta daude bailara honetan.
“Benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago. Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin. Militante politikook eta beste inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun” azaldu dute.
Etxarrin Guardia Zibilaren kuartela zegoen tokian Mikel Arregi deitutako plaza dago egun eta hortxe burutuko dute torturaren aurkako ekitaldia datorren otsailaren 17an, “desmilitarizazioa eta askatasuna iluntasunetik argitasunera igaro dadin”.
Barañainetik torturaren aurkako mobilizazioan parte hartzeko deia
Poltsa, kolpeak, mehatxuak, irainak eta baita ospitaleratzeak ere sufritu dituzte Barañaingo 20 bizilagunek inkomunikazio epealdian, Barañaingo Sortuk adierazi duenez.
Urteak pasa arren, estatuak erabili izan duen praktika honek arrastoak utzi ditu kasurik gehienetan, arrasto psikologikoak batez ere. Epaitegietan salaketak egoteak ez du ekidin polizia-funtzionarioek inpunitatea osoz aritzea. Barañainen bizikidetza eta bermez aurrera begiratu nahi dute, nahitaezkoa da instituzio eta eragile politiko gehienek ezkutatu eta ukatu duten errealitate hau errelatoaren mahai gainean jartzea.
“Era berean, Nafarroako Gobernuari dei egiten diote Torturen inguruko azterketa eta ikerketa martxan jar dezan. Espainiar Gobernuak geldiarazi nahi duen ikerketa. Zer dute ezkutatzeko?” Halaxe adierazi dute bertan bildutako Barañaindarrek.
Bukatzeko, ildo honetan, otsailaren 13rako antolatu diren mobilizazioetan parte-hartzera dei egiten dute Sortu alderditik. Bereziki Iruñeko Merindades plazan 19’30etarako deituta dagoen elkarretaratzera.