“Tortura, Nafarroatik harago” lelopean nazioarteko adituekin jardunaldiak eginen dira azaroan

Tortura Nafarroatik harago jardunaldia antolatu du Nafarroako Torturatuen Sareak. Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialean eginen dute, azaroaren 17an arratsaldeko 18:30etan, eta nazioarteko adituek hartuko dute parte horietan.

2022-ko urriak 26

Torturaren gaia “itzaletik argira” ateratzen lortzen ari direla diote Nafarroako Torturatuen Sareko kideek. Horren adibidetzat jo dute Kriminologiaren Euskal Institutuak abiarazi duen torturaren ikerketa. “Konsziente gara oraindik ere bide luzea geratzen dela egiteke, baina gure herrialdean 1979tik 2012ra bitarte egondako tortura kasuen argazki osatuago bat eduki ahal izateko hurbilago gaude”, azaldu du sareko Jorge Txokarrok. Bide luze horretan, gizarte osoaren ardura beharrezkoa dela uste dute, eta hori lortzeko torturak Nafarroan izan duen eragina gizarteratzen, zabaltzen eta gertatutakoaren berri ematen ari dira: “Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta guri gertatu zitzaiguna”.

Tortura Nafarroa zein Euskal Herritik haratago doan errealitatea dela jakitun, gaian adituak diren profesionalak ekarriko ditu Iruñera sareak, azaroaren 17an. Espainian eta Hego Euskal Herrian torturak izan duen eragina aztertuko du 2019ko giza eskubideen sari nazionala jaso zuen Jorge del Cura Antonek. Estatua zigortzeko bide luzea azalduko du Olivier Peter abokatu suitzarrak. Munduko testuinguruan kokatutako du gaia Helena Sola aholkulariak eta Argentinako kasuaz mintzatuko da Santiago Bereciartua abokatu eta irakaslea. Azken horrek gainera, azaroaren 20an, 17:30ean. Iruñeko Kondestable Jauregian, hitzaldia emango du Argentinan diktadura garaian jasandako tortura kasuen inguruan bizi izandako esperientzia kontatzeko.

Gehiago