Tortura argitzeko eskaria Parlamentu aurrera eramango du Nafarroako Torturatuen Sarea
Bihar ostirala arratsaldeko 18:00etan Sarasate Pasalekuan, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko egunaren bezperan, ekitaldi bat egingo du Torturatuen Sareak herrialdean izandako tortura kasuak ikertu eta argitzeko eskariarekin. Hainbat alderdi politiko eta sindikatu batu dira deialdira.
2021-ko ekainak 24
Nafarroako Torturatuen Sareak ekainaren 26an Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko eguna izanik, ekitaldi publikoa eginen du bezperan, ostiralean arratsaldeko 18:00tan, Iruñeko Sarasate pasalekuan, Nafar parlamentuaren aurrean. Ekitaldiari babesa agertu diote Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal duguk, Izquierda-Ezkerrak eta ELA eta LAB sindikatuek.
“Nafarroan, torturaren aitortzarako urrats sendoak emateko garaia dela uste dugu, praktika krudel hau argitara ateratzeko eta horrenbeste urtetako isiltasunaren aurrean egi osoa aldarrikatzeko momentua. Ostiraleko ekimenean, Mikel Zabalza kasuaz harago, torturaren ondorioz hildako beste nafar baten identitatea publiko eginen dugu, orain arte publikoki ezagutzera eman ez dena, eta egia osoa bilatze bidean, garrantzia berezikoa”, iragarri du Sareak. Ekitaldian 70ko hamarkadatik gaurdaino torturaturiko nafar ezberdinek hartuko dutela parte aurreratu dute, “torturaren krudelkeriari, hamarkadaz-hamarkada aurpegia ipiniz”.
Torturaren inguruko ikerketa ofiziala martxan jartzea “berebiziko garrantzia” duela azpimarratu nahi izan dute, eta hori bera eskatuko diote Nafarroako Gobernuari ekitaldi honetan.